AMETS BATEN HASIERA
Lizarra Ikastolak 1970eko irailaren 29an ekin zion bere ibilbideari, Lizarrako Udalak utzitako pilotalekuko gela batean, 25 ikaslerekin. Familien talde baten bultzadari eta hainbat erakunderen laguntzari esker sortu zen proiektua.
1973an, eskolak Nafarroa kaleko 1. zenbakiko lokal batera lekualdatu ziren, familiek mailegu bidez erositakora. 1977an, familiek Lizarra Ikastola Irakaskuntza eta Kontsumo Kooperatiba sortu zuten, eta Lehen Hezkuntzako gelak Eskolapioen ikastetxe eta komentu zaharrera eraman zituzten.
LANA ETA GIZARTE-FUNTZIOA
1980ko hamarkadaren hasieran, Lizarra Ikastolak berrikuntza pedagogiko eta administratiboari ekin zion, eta gizartearekiko harremana sendotu zuen, tradizioak berreskuratuz eta ekimen ekonomikoak bultzatuz. 1982an, Oinarrizko Hezkuntzako 12 gela zituen, eta aitzindaria izan zen gaztelania nagusi zen ingurune batean euskarazko murgiltze-eredua ezartzen. 1985ean, familiek Eskolapioen ikastetxe zaharra eta haren lursaila erosi zituzten. Batzarrean hartutako erabakiak % 99,5eko babesa jaso zuen, eta urte hartako Nafarroa Oinezen bidez bildutako diruak bultzada handia eman zion proiektuari.
AMETS ZAHAR BAT EGIA BIHURTUTA
Ikastola berria eraikitzeko lanak 1989an hasi ziren. Finantzaketa Nafarroako Gobernuaren ekarpenari, Kutxak emandako maileguari eta 1990ean Lizarran «Ezina Ekinez Egina» lelopean ospatutako Nafarroa Oinez jaian bildutako diruari esker lortu zen. 1991n ikastola berria inauguratu zen. Ondoren, 1996an DBH ezarri zen, eta 1999an 0-3 urte bitarteko haurrentzako Lizarra Ikastolako Haur Eskola jarri zen martxan.
AUZOLANEAN
Lizarra Ikastolak sormena, ezagutzaren transmisioa eta espiritu kritikoa sustatu ditu beti, zaintza-giroan eta auzolanaren balioa oinarri hartuta.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU