2026/11/05

Nafarroa Oinez 2026: ikastolen arteko elkartasuna eta euskararekiko konpromisoa indartzen duen urrats kolektiboa.

Bi ikastoletako zuzendariek, Erentzun Ikastolako Garbiñe Zulaikak eta San Fermin Ikastolako Uxue Lazkanok, eskerrak eman nahi izan dizkiete, lehenik eta behin, bi ikastoletako hezkuntza-komunitateei, urte osoan zehar erakutsitako inplikazio eta konpromisoagatik. Era berean, urtean zehar antolatutako ekintzetan parte hartu duten lagun guztien lana eta urriaren 18ko jaia posible egin zuten milaka boluntarioen ekarpena eskertu dituzte. Erakunde publikoei, gizarte-eragileei eta hedabideei ere beren esker ona adierazi diete, emandako babesagatik eta ekimenaren mezua gizarte osora zabaltzen laguntzeagatik.

Antolatzaileek azpimarratu dute Nafarroa Oinez ez dela egun bakarreko ekimena, urte osoan zehar garatzen den dinamika iraunkorra eta auzolana baizik. Guztion bultzada eta konpromiso kolektiboari esker gauzatu den proiektua. 

Jendetzaren erantzuna eta giro aparta

Herritarren parte-hartzea izan da aurtengo edizioaren alderdi nabarmenetako bat. Aurreko egunetako eguraldi-iragarpenek eta Osasunaren partidaren ordutegiak nolabaiteko kezka sortu bazuten ere, milaka lagun hurbildu ziren Zizur Nagusira, Nafarroa Oinez euskararen aldeko jai erraldoi bihurtuz beste behin ere.

Goizeko hotza igarota, eguzkiaren berotasuna eta, batez ere, jendearen berotasuna izan ziren nagusi egun osoan zehar. Erronkan, kontzertuetan eta antolatutako gainerako jardueretan sortutako giro apartak agerian utzi zuen adin, jatorri eta errealitate desberdinetako pertsonak euskararen inguruan batzeko gaitasuna duela Nafarroa Oinezek.

Ikastolen arteko elkartasun-sarea indartzen

Edizio honen beste helburu nagusietako bat ikastolen arteko lankidetza eta harremanak sendotzea izan da. Antolatzaileen esanetan, helburu hori bete ez ezik, aurtengo Nafarroa Oinezek mugarri garrantzitsua jarri du Nafarroako ikastolen historian, elkartasun-sarea are gehiago josi eta indartuz. Ildo horretan, elkarlanaren eta elkartasunaren Oinez izan dela nabarmendu dute.

Erentzun Ikastolarentzat, helburu nagusia bere hezkuntza-jarduera garatzen laguntzea eta ikastolaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko urratsak egitea izan da. Nafarroa Oinez honen bidez jasotako bultzadari esker, helburu hori lortzeko bidea errazagoa izango da. Horrek, zalantzarik gabe, euskararen normalizazioan eta Nafarroako eremu diskriminatuan euskararen garapenean lagunduko du.

Euskarak denok behar gaitu

Nafarroa Oinez 2026k aldarrikapen-eguna izateko helburua ere bazuen, eta bi ikastolek uste dute mezu hori gizarteko sektore askotara iritsi dela. Gaurko agerraldian, gainera, mezu hori berretsi nahi izan dute: euskarak denok behar gaitu. Euskararen normalizazioa eta Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna lortzeko bidean, ezinbestekoa da gizarte osoaren inplikazioa, euskaldunena zein euskaltzaleena.

Horregatik, aurrerantzean ere indarrak biltzen eta elkarlanean aritzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute. Sentsibilitate eta esparru desberdinetatik, euskararen eta euskal kulturaren biziberritzea eta zabalkundea sustatzeko, eta euskaraz bizitzeko aukera gero eta handiagoa izan dadin.

2026ko edizioak, beraz, helburuak bete izanaren poza utzi du, baina baita aurrera egiteko konbentzimendua ere: elkarrekin egindako bidea dela euskararen eta ikastolen etorkizuna indartzeko biderik onena. Bidean bat gara. Euskara eta euskal kultura biziberritzeko eta zabaltzeko, eta, azken batean, euskaraz bizitzeko, bidean bat egin dezagun.



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia