2026/11/06
Lizarra Ikastolak Nafarroa Oinez 2027ren leloa eta logotipoa aurkeztu ditu gaur, Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan egindako prentsaurrekoan. Nafarroako ikastolen festa 2027ko urriaren 17an ospatuko da Lizarran, Oinez, herritik errotik lelopean. Edizio honen bidez, Ikastolak bere instalazioak berritu, espazioak jasangarriago bihurtu eta hezkuntza-proiektuaren etorkizuna sendotu nahi ditu. Aldi berean, euskararen aldeko konpromisoa, auzolana eta herrigintza aldarrikatuko ditu, herritik sortutako proiektu baten nortasunaren oinarri gisa.
Lizarra Ikastolak bosgarren aldiz hartuko du Nafarroa Oinez antolatzeko ardura; 1985ean, 1990ean, 2004an eta 2020-2021ean egindako edizioen ondoren. Nafarroako hamabost ikastolen izenean eta Nafarroako Ikastolen Elkartearen babesarekin, antolatzaileek festa egun bakarretik harago doan proiektu gisa aurkeztu dute. Izan ere, 2026-2027 ikasturte osoan zehar euskararekin, kulturarekin, artearekin, jasangarritasunarekin eta elkartasunarekin lotutako ekimenak garatuko dituzte.
Herritik sortutako proiektua, herrian errotua
Oinez, herritik errotik leloak Lizarra Ikastolaren jatorria eta izaera aldarrikatzen ditu. 1970ean, herritar eta familia talde baten ekimenez, 25 haur hasi ziren euskarazko eskolak jasotzen Lizarra Frontoiko gela batean. Auzolanari eta belaunaldi askoren konpromisoari esker, hasierako amets hura gaur egungo hezkuntza-proiektu bihurtu da.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Ikastola ez da soilik hezkuntza-zerbitzu bat, herritik sortu eta herriari ekarpena egiten dion proiektua baizik. Urte hauetan guztietan, euskarazko hezkuntza eskaintzeaz gain, kulturaren, kirolaren eta herri-bizitzaren topagune ere izan da.
Horixe da leloaren esanahia: «Herritik, herriak sortu gintuelako; errotik, sustrai sakonak ditugulako; eta Oinez, aurrera egiten jarraitu nahi dugulako». Mezu horren bidez, antolatzaileek ikastolen mugimenduaren izaera komunitarioa nabarmendu nahi dute, baita euskarak Lizarrako eta Nafarroako eguneroko bizitzan gero eta leku handiagoa izateko duten konpromisoa ere.
Instalazioak berritu eta etorkizuna sendotzeko helburua
Nafarroa Oinez 2027ren helburu nagusietako bat Lizarra Ikastolako azpiegiturak hobetzeko baliabideak lortzea izango da. Ia sei hamarkadako ibilbidearen ondoren, eraikinak eta hainbat instalaziok berritze-lanak behar dituzte.
Lortutako baliabideak zaharkitutako espazioak egokitzera, energia-eraginkortasuna hobetzera eta ikastola jasangarriagoa izateko inbertsioak egitera bideratu nahi dira. Era berean, jolastokia espazio berdeago, hezigarriago eta atseginago bihurtzea da asmoa; haurren jolasa eta elkarbizitza sustatzeko. Espazio hori, orain arte bezala, Lizarrako herritar guztientzat irekita jarraitzea nahi dute antolatzaileek.
Horrez gain, etekinen zati bat Ikastolaren zorpetzea murriztera bideratuko da, egonkortasun ekonomikoa indartu eta euskarazko hezkuntza-proiektuaren etorkizuna bermatzen laguntzeko.
Lizarrako zortzi puntako izarra, nortasunaren ikur
Edizio honetako logotipoak Lizarraren historian eta nortasunean sakon errotutako elementu bat du protagonista: zortzi puntako izarra. Hiriko armarri zaharrean ez ezik, zigiluetan, pergaminoetan, harresietan eta hainbat eraikinetan ere agertzen den ikurra da.
Diseinuan, OINEZ hitzak hartzen du protagonismoa, tipografia sendoarekin eta O hizkia izar bihurtuta. Kolore gorrixkek udazkena, lurra eta Lizarrako paisaian bereizgarria den zumakea ekartzen dituzte gogora.
Logotipoa zeharkatzen duen izar iheskorrak, berriz, desio bat irudikatzen du: euskararen egoera errotik irauli, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu eta hizkuntzari eguneroko bizitzan gero eta leku handiagoa egitea. Duela ia sei hamarkada euskarazko hezkuntzaren alde lanean hasi ziren herritarren ametsa, gaur egungo belaunaldien konpromisoarekin lotzen du irudiak.
Auzolanerako gonbidapena, Lizarra eta Estellerria osoari
Lizarra Ikastolak azpimarratu du Nafarroa Oinez 2027 ez dela gaur egungo hezkuntza-komunitatearen proiektua soilik. Ikasle ohiak, garai bateko familiak eta langileak, elkarteak, kultur eta kirol taldeak, erakundeak, enpresak, saltokiak eta herritar guztiak gonbidatu ditu antolakuntzan parte hartzera.
Antolatzaileen esanetan, auzolana izango da edizio honen ardatz nagusietako bat. Ikastola herritarren elkarlanari esker sortu zen bezala, Nafarroa Oinez 2027 ere komunitate osoaren parte-hartzearekin eraiki nahi dute.
Helburua 2027ko urriaren 17an festa handi bat ospatzea ez ezik, ordura arteko bidea elkarrekin egitea da; euskara kalera ateraz, komunitatearen arteko loturak sendotuz eta Lizarraren zein Estellerriaren etorkizunari ekarpena eginez.
OINEZ, HERRITIK ERROTIK
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU