2026/10/18

Euskararen aldeko jaiak eta aldarrikapenak bat egin dute Nafarroa Oinezen irekieran

Goizeko 10:00etan Ardoiko Luis Ibero parkean egindako irekiera ekitaldian eman zaio hasiera euskararen egun handiari. Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) zein parte hartu duten gainontzeko ordezkariek mezu argia helarazi nahi izan diote gizarte osoari: euskararen normalizazioa eta etorkizuna «erronka kolektiboa» dela eta «guztion ekarpena ezinbestekoa». Hori bera irudikatu nahi izan dute ekitaldiaren hasieran, gizarteko sektore anitzetako hainbat lagun publiko artetik atera direnean euskarari arlo horietatik egiten zaion ekarpena irudikatzen zuen objektu bat eskuetan zeramatela. Bertan ordezkatuta egon dira kultura, osasungintza, hezkuntza, musika, kirola, eta beste horrenbeste gizarte-alor.

Irekiera ekitaldian bildu dira San Fermin eta Erentzun ikastoletako lehendakariak, Zizur Nagusiko alkate Jon Gondán, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Ollo eta NIEko lehendakari Oier Sanjurjo, beste hainbat ordezkari politiko, sozial eta kulturalekin batera.

Hasierako hitzartzeak San Fermin Ikastolako lehendakari Eider Sagastibeltzak eta Erentzun Ikastolakoak, Marta Tejadak, egin dituzte, eta urte osoan zehar bi ikastolen artean egindako elkarlan eta auzolan erraldoiaren garrantzia  azpimarratu dute. Horrez gain, euskararen ofizialtasunaren aldeko mezua ere helarazi dute: «gaurkoa, euskaraz gozatzeko topagunea izateaz gain, euskararen eta hizkuntza eskubideen aldeko eguna ere bada. Mugarik eta oztoporik gabe, Nafarroa osoan euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko eguna». Bide horretan, gizarte osoaren parte-hartzea ezinbestekoa dela gogorarazi dute.

Ekitaldi berean, NIEko lehendakari Oier Sanjurjok agurra eta aldarrikapen nagusia uztartu ditu. Sanjurjok gogoratu du Oinez jaia ez duela erakunde bakar batek eraikitzen, «herri batek, gizarte oso baten konpromisoak eta komunitateak» baizik. Indibidualismoaren aurrean, «batasuna, errespetua eta elkarlana» jarri ditu erdigunean, eta dei egin die erakundeei zein gizarte-eragileei ikastolak babes eta indar ditzaten: «Hezkuntza eta euskara babestea Nafarroaren etorkizunean inbertitzea delako; euskarak Nafarroa osoan izan behar du bere lekua, zonifikazioaren gainetik».

Lekuko aldaketa eta Errigorari omenaldia Kultur Etxean

Goizeko 11:30ean Zizur Nagusiko Kultur Etxean izan da bigarren ekitaldi instituzionala. Bertan bi une zirraragarri eta esanguratsuri egin zaie tartea: Errigora mugimenduari egindako omenaldia eta Lizarra Ikastolari lekukoa pasatzea.

Lehenik eta behin, Nafarroako Ikastolen Elkarteak omenaldi berezia eskaini dio Errigora elkarteari, Nafarroa erdialdean eta hegoaldean euskara, tokiko ekoizpena eta auzolana sustatzeko egindako lan eskerga publikoki eskertzeko. Iosu Reparaz NIEko ordezkariaren hitzen ostean, Errigorako ordezkari Ibai Sueskunek eta Haizea Lizarbek jaso dute bertaratutakoen esker ona eta txalo zaparrada beroa. Omenaldiaren bidez, euskalgintzaren eta herri ekimenaren arteko elkarlan emankorra goraipatu nahi izan da.
Jarraian, eguneko une azpimarragarrienetako bat iritsi da: lekukoaren igarotzea. Garbiñe Zulaikak, Erentzun Ikastolako zuzendariak, eta Uxue Lazkanok, San Fermin Ikastolakoak, hunkituta gogorarazi dute urte osoan zehar Vianatik Zizur Txikira egindako bidearen balioa. Azpimarratu dutenez, lekukoa ez da egur zati bat soilik, «ikastolen historiaren, gure herriaren gogoaren, auzolanaren eta euskararen aldeko konpromiso kolektiboaren sinboloa» baizik.

Lekukoa ikastoletako ordezkarien artean igaro ondoren, Lizarra Ikastolako zuzendari Joseba Tristanek jaso du. Gogora ekarri du Lizarra Ikastolak bosgarren aldiz hartuko duela Nafarroa Oinez jaia antolatzeko ardura. «Badakigu zer nolako ardura dakarren lekuko honek, baina baita zenbat ilusio pizten duen ere», adierazi du Lizarra Ikastolako ordezkariak. «Gure herriko kaleak, plazak eta bazterrak euskaraz eta auzolanean bete nahi ditugu berriz ere. Elkarrekin lan egiteko eta aurrera egiteko garaia da», nabarmendu du Tristanek.



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia