2026/10/19

Erentzun eta San Fermin ikastolek Nafarroa Oinezen “elkarlan eta elkartasun ariketa kolektiboa” balioetsi dute

Aurtengo edizioa antolatu duten ikastoletako arduradunek —Vianako Erentzun eta Zizur Txikiko San Fermin ikastolak— berretsi dute ikastolen historian “mugarri garrantzitsua” izan dela aurtengo Oinez, “Nafarroako ikastolen elkartasun sarea are gehiago indartu duena”.

Antolatzaileak pozik agertu dira jendartearen erantzunarekin, milaka lagun bildu baitira Zizur Nagusia eta Gazolatz artean prestatutako ibilbidean. Hartara, urte osoan zehar antolatutako ekintzetan zein Oinez egunean bertan parte hartu edo laguntza eman duten guztiei eskerrak eman dizkiete. "Pertsona horiei guztiei esker, ezarritako helburuak lortu dira eta erronka erraldoi honi aurre egin ahal izan diogu", adierazi dute antolatzaileek. Ildo horretan, gogora ekarri dute aurtengo Oinezen helburua “Vianako Erentzun Ikastolaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzea” izan dela, eta helburu hori “lorgarriagoa” dela Oinez honi esker.

Giroa, bero

Goiza fresko hasi arren, eguerditik aurrera eguzkiak eta Zizur Nagusira hurbildutako jendetzak giroa berotu dute prestatutako hiru gunetan. Adin guztietarako pentsatutako jarduera-programa zabala izan da egun osoan zehar: kontzertuak, ikuskizunak, dantzak, herri-kirolak, ginkana eta tailerrak. Horietaz gain, gazte eta ez hain gazteen arreta bereziki piztu duen ekintza Erronka lehiaketa izan da, Nafarroako hainbat ikastolatako ikasleen parte-hartze handia izan duena. 

Egunean zehar izandako “giro polita” nabarmendu dute ikastoletako ordezkariek, eta arazo aipagarririk ez izana balioetsi dute. Era berean, mugikortasunari dagokionez, bertaratutako gehienek garraio publikoa eta jasangarria hobetsi izana ere eskertu dute. 

Aldarrikapen eguna

Goizeko ekitaldietan egin duten moduan, azken hausnarketa bat ere egin nahi izan dute antolatzaileek: “euskarak denok behar gaitu, guztiok gara ezinbestekoak euskararen normalizazioa eta ofizialtasun osoa lortzeko bidean”. Horregatik, dei egin diote euskaldun eta euskaltzale orori “indarrak biltzera” eta bakoitzak, bere esparrutik, “euskararen alde bere alea erein dezan”.

Ildo horretan, arduradun politikoei ere “bide horretan urratsak egiteko konpromisoa” eskatu diete, "egungo zonifikazioa gaindituko duen eta nafar herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen hizkuntza-politika eraginkorra" bultzatzeko.

Amaitzeko, nafar gizarte osoa animatu dute euskararen aldeko konpromisoa egunez egun berrestera, eta Nafarroa Oinez 27 antolatuko duen Lizarra Ikastolari ere bere babesa adieraztera eta “bidelagun” izatera.



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia