2026/07/06

Aranzadi Zientzia Elkarteak piztu zuen Oinez Txokoko txupinazoa, zientzia, euskara eta auzolana batuz

Aranzadi Zientzia Elkarteak eman zion hasiera igande honetan Nafarroa Oinezeko Oinez Txokoari, Iruñeko Taconeran egindako txupinazoarekin. San Ferminetako lehen egunean ospatutako ekitaldiak ehunka lagun bildu zituen, eta zientzia, euskara eta auzolana izan ziren ospakizunaren ardatz nagusiak.

Porrotxek gidatu zuen ekitaldia, Behin Betiko abestiarekin hasiera emanez. Ondoren, bertaratutakoei ongietorria egin, eta Aranzadiren lana eskertu zuen, azken urteotan euskal historiari eta hizkuntzaren jatorriari egindako ekarpena nabarmenduz.

Bere hitzaldian gogorarazi zuen Aranzadiko kideek «lurra goldatzen» dutela gure iraganaren aztarnak aurkitzeko, eta ikastolek, berriz, «euskararen haziak ereiten» dituztela etorkizuna eraikitzeko. Irudi horren bidez azpimarratu zuen bi erakundeek helburu bera partekatzen dutela: herri baten memoria eta etorkizuna zaintzea. «Pausoz pauso, mugarik gabe, bidean bat gara», adierazi zuen, aurtengo Nafarroa Oinezen leloa gogora ekarriz.

Ondoren, Aranzadi Zientzia Elkarteko ordezkariek hartu zuten hitza. Mattin Aiestaran eta Leire Malkorraren esanetan, zientzia eta euskara ez dira bi mundu bereizi, «iturri beretik edaten duten» bi ezagutza-bide baizik: bata mundua ulertzeko tresna da, eta bestea, mundu hori gure hizkuntzan kontatzeko modua.

Hitzaldian azken urteotako aurkikuntza esanguratsuenak ere izan zituzten hizpide Aiestaranek eta Malkorrak. Bereziki, Irulegiko Eskuak euskararen historiari egin dion ekarpena gogorarazi zuten, duela bi mila urteko sorioneku inskripzioarekin. Era berean, Irulegin bertan aurkitutako idazkundun zeramikazko ontziaren zati berria aipatu zuten; aurkikuntza horrek baskoien hizkuntzari eta idazkerari buruzko ezagutza zabaltzen jarraitzen du.

Aranzadiko kideek gogorarazi zuten, gainera, aurtengo Nafarroa Oinezen irudia Irulegiko Eskuan inspiratua dagoela. Esku horrek elkarlana, auzolana eta komunitatea sinbolizatzen ditu; balio horiek dira, hain zuzen ere, Nafarroa Oinezen Bidean bat gara leloaren muina eta ikastolen mugimenduaren oinarrietako batzuk.

Hitzaldiaren amaieran, Aranzadiko ordezkariek jaurti zuten Oinez Txokoko txupinazoa, bertaratutakoen txalo eta oihuen artean. Une horrek ofizialki ireki zuen San Ferminetako Oinez Txokoa.

Ekitaldiari amaiera emateko, Porrotxek bi kantu eskaini zituen publikoarekin batera. Lehenengoan kaleak euskaraz betetzeko gonbita egin zuen, eta bigarrenean euskararen alde lanean aritu diren eta gaur gure artean ez dauden pertsona guztiak omendu zituen. Giro alai, hunkigarri eta parte-hartzaileak borobildu zuen ospakizuna.

Ekitaldiaren bidez, Nafarroa Oinezek Aranzadi Zientzia Elkarteari aitortza egin zion euskal ondarea ikertu, babestu eta gizarteratzeko egiten duen lanagatik. Mezu argi batekin amaitu zen ospakizuna: iragana ezagutzea eta euskara biziberritzea bide beraren parte dira, eta bide hori elkarrekin egitea dagokio gizarte osoari.



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia