2023/04/04

Artea Oinez XXVI Erakusketa, euren obra Etxarriko Andra Mari Ikastolaren eskura jarri duten izen handiko 83 artista ezberdinen 103 lanek osatzen dute.

Artista guztiak Euskal Herrikoak dira, eta Nafarroa Oineza laguntzeko asmoarekin utzitako obren artean, eskulturak, argazkiak, margolanak, grabatuak eta teknika mistoz eginiko artelanak aurki daitezke. Gainera, aurtengo Madrilgo ARCO ferian presente egon diren 22 artisten lanak erakutsiko dira. Euretako sei, nafarrak.

Erakusketaren xehetasunak, goizean izandako prentsaurrekoan azaldu dituzte Jorge Urdanoz, Iruñeako Kultura Zerbitzuko zuzendariak; Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari, eta, aldi berean, erakusketaren komisarioa den Josu Reparazek; eta Iñigo Orella, Andra Mari Ikastolako zuzendariak. Azken honek, Artea Oinezen edizio berri hau ezagutzera hurbiltzeko gonbita luzatu die herritarrei, eta esposizioa osatzea ahalbidetu duten artistei ikastolaren eskertza helarazi die.

Mustutze ekitaldia

Arratsaldeko mustutze ekitaldira, gonbidatu andana hurbildu da, Etxarriko Ikastolak antolatu duen Artea Oinez 2023 egitasmoari, euren babesa agertzeko. Bertan izan dira bestak beste Mikel Irujo, Nafarroako Garapen Ekonomikorako kontseilaria; Mikel Arregi, Euskarabideako kudeatzailea; Isabel Olave, María Solana eta Mikel Asiain nafar parlamentariak; Maider Beloki eta Marian Aldaia Iruñeako udaleko zinegotziak; Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakaria den Manuel Martín, eta erakusketan parte hartu duten hainbat artista.

 Hitza hartzen lehena, Elena Zabaleta, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria izan da. Ondoren, Andra Mari Ikastolako lehendakariordea den Izaskun Errazkinek, Artea Oinez erakusketak urteen igaroarekin hartu duen sendotasuna nabarmentzeaz gain, ekitaldian parte hartu duten Amico antzerki taldeko dantzariak diren Ion Barbarin eta “Txori” Garcia Uriz aurkeztu ditu.

Hitza hartzen hurrena, Josu Reparaz izan da. Erakusketaren komisarioak, aurtengo Artea Oinez edizioaren erdigunea gizakiok naturarekin dugun harremana izango dela azaldu du.

Asunción Goikoetxea, aurtengo artista omendua

Ekitaldia amaitzeko, Artea Oinezek eta Etxarriko Andra Mari Ikastolak, Asun Goikoetxea artista bakaikuarra omendu nahi izan dute, arteari eta kultura garaikideari, euskarari eta ikastolekin beti izan duen lankidetza eskuzabalari egindako ekarpenagatik.

Sortzaile bakaikuarra ezin izan da irekiera ekitaldian egon. Bere izenean, artistaren neba den Salva Goikoetxeak hartu du hitza. “Asunentzat oso berezia da euskararekiko eta arteariko maitasuna ardatz dituen erakusketa honetan parte hartzea”, adierazi du. Gainera, Andra Mari Ikastolari bere esker ona helarazi nahi izan dio eskainitako omenaldiagatik.

Mustutze ekitaldiko mintzaldi guztiak, zeinu-hizkuntza bidez azaldu ditu, Eunate, Nafarroako pertsona gorren familien elkarteko kide den Eva Mediavillak.

Ordutegia eta katalogoa

Artea Oinez 2023 erakusketa, Iruñeako Kondestablearen jauregian egonen da ikusgai martxoaren 31tik maiatzaren 7ra, honako ordutegian: Astelehenetik igandera, 09:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara. Apirilaren 6, 7 eta 10ean, erakusketa itxita egonen da.

   Artea Oinez 2023 ikusgai jada Iruñeko Kondestable jauregian.



Itzuli
 Artea Oinez XXVI ikusgai da jada Iruñeko Kondestablearen, maiatzaren 7 arte  Artea Oinez XXVI ikusgai da jada Iruñeko Kondestablearen, maiatzaren 7 arte