2023/10/25
Gaur goizean Carlos Arcelus, Zangozako Ikastolako lehendakaria, eta Nagore Oria, ikastolako zuzendaria, bildu dira Nafarroako Ikastolen Elkarteko egoitzan hurrengo urteko Nafarroa Oinezeko logoa eta leloaren berri emateko.
Aurkezpenarekin hasi baino lehen, eskerrak eman dizkiete bai NIE bai beste 14 ikastolei “Nafarroa Oinez 2024a antolatzeko eman diguten aukeragatik eta azaldutako elkartasunagatik”, Oriaren hitzetan. Bestalde, Etxarri-Aranatzeko Andra Mari Ikastola zoriondu dute urte osoan zehar egindako lanagatik.
Zangozako Ikastolak erronka desberdinei aurre egin die bere bidean zehar eta Nagore Oria zuzendariak nabarmendu duen bezala, azken urteetan despopulatze eta zahartze demografikoaren gaiak mahai gainean daude; horregatik, Nafarroa Oinezek eskaintzen dien erakusleihoa baliatu nahi dute joera horretan eragiteko.
Horrekin lotuta, Ikastolak kalitatezko hezkuntza euskaldun baten aldeko apustua egiten jarraitu nahi du. Ildo beretik lan egiten jarraitu nahi dute, herritik eta herriarentzat, indarrean jarraitzen duten jatorrizko helburuei leial, Nafarroan euskararen normalizazioa lortzeko.
Bestalde, Ikastolako seme-alabei, eskualdeko, Nafarroako eta Euskal Herriko bizilagunei auzolanaren balioa, elkartasuna eta hezkuntza eremua gainditu eta gizarte esparrura iristen den proiektu baten inguruko talde-lana erakusten jarraitu nahi dute: “Gure hizkuntza eta kultura zaindu nahi ditugu, gure eskualdea hobetuz eta gure lurra defendatuz”, adierazi du Carlos Arcelus lehendakariak.
Beste bi helburu izango ditu Nafarroa Oinez 2024. Zangozako Ikastola finantzaketa behar du lan egiten jarraitzeko. Familiek 2005eko Haur Hezkuntzako eraikinaren zorrari aurre egin behar diote. Bestalde, Ikastolaren LH eta DBHko eraikina gaur egun behar energetikoetara moldatu nahi dute. Horrek isolamendu eskasa du eta hezetasunak kentzeko eta jasangarritasun energetikoa hobetzeko obrak behar ditu. Halaber, leihoak aldatu behar dira.
Piztu Nafarroa Oinez 2024! Zangozako Ikastola Piztu!
‘Piztu!’ izango da Nafarroa Oinez 2024ko leloa. Ruben Pisano, Ikastolako euskarazko irakaslea, izan da honen asmatzailea eta aditzaren adiera ezberdinekin jolastu da leloak lau helburu nagusiekin bat egiteko. Piztu (sustatu) kalitatezko hezkuntza, ikastetxe baten helburu nagusia ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzea da eta, aldi berean, gure hizkuntzari bultzada ematen jarraitu behar dugu, horregatik euskara sustatu behar dugu. Piztu (suspertu) auzonala, Ikastolen mugimendua ez da ulertzen auzonalanaren presentizarik gabe, gero eta gehiago kostatzen den jarduera suspertu behar dugu. Piztu (sortu) baliabideak, Ikastolak finantzazio egokia bilatu behar du proiektuaren bideragarritasuna gauzatu ahal izateko eta existitzen jarraitu ahal izateko behar beste baliabide sortu behar dira. Bukatzeko, Piztu energia berriztagarrien etengailua! Piztu energia garbien etengailua! Piztu irudimena energia aurrezteko!
Behin leloa erabakita logoa diseinatzera ekin zaio. Hasiera batean suaren ideiarekin lan egiten hasi ziren baina horrek sustsitzaile izan daitekenez, Piztu! argiarekin erlazionatu zen. Bide horretatik abiatuta, eguzkia eta eguzki-izpien ideiekin lan egiten hasi zen. Asier Santa Cruzek, Zangozako ikastolako aitak, hasierako logoa aurkeztu zuen. Azkenean, eguzki-izpiei kolorea emateko eta Nafarroa Oinez 2024ko helburuekin bat egiteko, bost kolore erabili dira, bakoitza helburu bat errepresentatuz. Asier Santa Cruz, Zangozako Ikastolako aita, logoaren sortzailea izan da.
Tipografiari dagokionez, 90ko hamarkadean hainbat Nafarroa Oinezetan erabili izan den letra mota bera da.
Zangozako Ikastola: 45 urte, 159 ikasle, 13 herri, laugarren Nafarroa Oinez
Zangozako Ikastola 1978ko apirilean Carmengo Komentuaren sukalde zaharrean martxan jarritako hainbat familien proiektua da. Gaur egun ez da soilik Zangozako proiektu bat, eskualdeko 13 herrira zabaldu den ekimena baizik. Aurten 45 urte bete ditu eta 159 ikaslek, 109 familiak eta 26 profesionalek osatzen dute Ikastola. Horiei esker eta familia eta ikasle ohiei esker Nafarroa Oinez 2024 martxan jartzea posiblea izan da.
Guztira, hiru Nafarroa Oinez antolatu dira Zangozan. Lehenengoa, 1987an, gaur egun ezagutzen dugun Ikastolako eraikina sortzeko izan zen, 1991an inauguratua. Ondoren, 1998an ospatu zenari esker, erreformak egin ziren eta 2005ean Haur Hezkuntzako eraikina sortu zen. Azkeneko Nafarroa Oineza 2014an antolatu zen eraikin berriaren obraren gastuei aurre egiteko, eraginkortasun energetikoan inbertitzeko eta kalitatezko hezkuntzan apustua egiten jarraitzeko. 2024koa laugarren Nafarroa Oinez izango da.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU