2023/10/24
Andra Mari Ikastolako ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean Nafarroako Ikastolen Elkartean eta oso pozik agertu dira urriaren 8an Etxarri Aranatzen ospatu zen festak izandako harrera bikainagatik. Milaka eta milaka euskaltzale gerturatu ziren hotsein! lelopean ospatu zen festara, eta eguraldia lagun, programatutako jarduera guztiak normaltasunez burutu ahal izan ziren: kontzertuak, tailerrak, haurrentzako jolasak, dantzak eta abar luze bat. Halaber, bereziki eskertu nahi izan dute boluntarioen lana.
Iñigo Orellak, Andra Mari Ikastolako zuzendariak, boluntarioen lana goraipatzeaz gain, beste kolektibo batzuk ere eskertu nahi izan ditu: “familiak, ikasleak, langileak, sortzaileak, familia eta ikasle ohiak, Sakanako biztanleak eta babesleak”.
Orellak gogorarazi du duela urte eta erdi onartu zutela Nafarroa Oinez antolatzeko erronka eta ordutik 200 pertsonatik gora ibili direla urtean zehar antolaketa lanetan eta 1000 inguru egunean bertan. Orellaren esanetan “auzolanaren filosofia, ideia, oraindik bizirik dagoela erakutsi digu. Nafarroa Oinez honek gauza asko eman dizkio gure ikastolari, baina bat azpimarratu nahiko nuke: kohesioa. Azken urte eta erdi honen ondoren komunitate kohesionatuago bat gara”.
Bestalde, Izaskun Errazkinek, Andra Mari ikastola lehendakari ordeak, Andra Mari Ikastolak bere ibilbidean zehar izan duen koherentzia azpimarratu nahi izan du: “1989ko Nafarroa Oinez “Nafarroa euskaldun” lelopean ospatu genuen eta 34 urte beranduago, antzeko aldarrikapena gogorarazi dugu: euskara ofiziala Nafarroa osoan. 1996ko leloak, “Herrikolorek”, anbiguetatez jokatzen zuen, hitz jokoa eginez herri koloretsu baten eta herriko loreen artean; harrotasunez esan dezakegu oraindik ere Andra Mari Ikastola lore koloretsu bat dela, aniztasunari ateak irekitzen dizkiona. 2009ko Nafarroa Oinezen, berriz, gure hizkuntzaren handitasuna azpimarratu genuen “Txikiak handi” leloarekin. Gaur egun ozen esan dezakegu hemendik aurrera ere, koherentziaz jokatzen jarraituko dugula gero eta ozenago hotseiteko euskararen, aniztasunaren, auzolanaren, eta gure proiektu eraldatzailearen alde!”
Andra Mariko eledunek Oinez Basoari dagokion azken ohar bat ere eman dute, izan ere aurki hasiko baitira 2009ko Nafarroa Oinezen baitan sortu zen Arbizuko Oinez Basoari egingo zaizkion ekarpen lanak. Besteak beste, landaketa berria eta hegaztiak behatzeko postuak. Izan ere, basoa hartzen duen parajea izugarri aberatsa da hegazti espeziei dagokionez. Horretaz gain, hezkuntza arlora zuzendutako bisita gidatuak antolatuko dira. Basoa babestu nahi duenak oinezbasoa.eus webgunearen bidez egin dezake.
Amaitzeko, Etxarriko Ikastolako ordezkariek bere babes osoa adierazi diote Zangoza Ikastolari, aurrean duten erronkaren aurrean.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU