2022/10/16
Antolatzaileek egitarau anitza eta askotarikoa prestatu dute, eta Tafallan gaurko eguna luzaroan gogoratzea lortu dute. Ia bi kilometroko hiri-zirkuitua eta lau eremuak (Hazi, Kimu, Sustrai eta Zuhaitz) jendez gainezka egon dira goizean goizetik. Erronka lehiaketak arrakasta handia izan du. Egunean zehar, Nafarroako ikastoletako ikasleek parte hartu dute lehiaketa horretan, eta, azkenean, San Fermin ikastolako taldeak irabazi du. Tafallako Ikastola bigarren gelditu da, Baztan Ikastola hirugarren eta Zangozako ikastola laugarren.
Bestalde, Joven In video lehiaketan, Jaso Ikastolak irabazi du eta Tafallako Ikastola bigarren postuan gelditu da. Rural Kutxaren saskia Zangotzako Ikastolak irabazi du.
Paseatzeko eta festaz gozatzeko egun ezin hobea egin du.
Balorazio zehatzagoa egiteko badago ere, egunaren arrakasta nabarmendu du antolakuntzak, bai bertaratu den jendearengatik, bai eta normaltasun osoz igaro den jaiegunarengatik ere.
Nafarroa Oinez 2022ko antolakuntzak eskerrak eman dizkie euskara eta ikastolak bultzatzera Tafallara joan diren guztiei, eta, era berean, auzolan handi honetan laguntzera joan diren eta Nafarroa Oinez jaiak arrakasta izan zezan lagundu duten mila boluntariok egindako lana nabarmendu du.
Goizeko 10etan hasi da Nafarroako ikastolen festa handia, inaugurazio ekitaldiarekin. Bertan parte hartu dute Garcés de los Fayos Ikastolako zuzendariak, Paula Arreguik eta bertako presidenteak, Aritz Azcaratek; Nafarroako Ikastolen Federazioko (NIE) lehendakariak, Elena Zabaletak; eta NIEko zuzendariak, Josu Reparazek; baita erakundeetako eta alderdietako ordezkariek ere.
Arduradunek esker oneko hitzak izan dituzte Tafallara lanera zein gozatzera hurbildu diren guztientzat. Ikastolen ereduari balioa eman diote, Tafallako Ikastolaren euskararen aldeko ibilbide historikoa azpimarratu dute, eta ausardia eskatu diete eragile politikoei, ekintza zehatzen bidez ikastola honen proiektua finka dezaten, zonaldean kalitatezko euskarazko hezkuntzaren erreferente izaten jarraitu ahal izateko.
Omenaldia eta lekuko aldaketa
Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, ordezkari politikoek 4 eremuak bisitatu ahal izan dituzte eta ia 2 kilometroko hiri-zirkuitua zeharkatu dute gaitariekin eta Tafallako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin batera. Jarraian, 12:00etan, Tafalla Kulturgunean, Nafarroako Ikastolen Elkarteak Iparla Elkartea omendu du, honek Oinezekin izandako inplikazioagatik. Izan ere, elkarte honek modu desinteresatuan prestatzen du jaiaren eguneko protokolorako luntxa.
Ondoren, Sury Belloso Tafallako Ikastolako ikasle ohiak jardun du herriko txistularien ondoan.
Ekitaldiaren azken minutuetan, Nafarroa Oinez-en lekukoa eskualdatu da. Gotzon Pérezek eta Iñigo Orellak, Etxarriko Andra Mari Ikastolako lehendakariak eta zuzendariak, hurrenez hurren, jaso dute Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkarien eskutik.
2022ko Nafarroa Oinez amaitu da, eta datorren urterako prestaketa-lanei ekin zaie Etxarrin.
Eskerrik asko guztiei Tafallara etorri eta euskara ereiteagatik. Datorren urtean Etxarrin ikusiko dugu elkar!
Gora Nafarroa Oinez. Denon artean euskera ereiten jarrai dezagun
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU