2021/05/21
Beste urte batez, Nafarroako Ikastolek, Nafarroa Oinez proiektuaren bitartez eta artista ugariren lankidetzari esker abangoardiako kultura eta artearen aldeko apustua egin dute. Artista horien gogo eta eskuzabaltasunak Artea Oinez erakusketaren edizio berri bat ahalbidetu du.
Ohi bezala, arte erakusketa Iruñean izan da ikusgai lehenik, Kondestablearen Jauregian hain zuzen, martxoa eta apirila bitarte. Bigarren etapan, Nafarroa Oinez jaia antolatzen duen ikastola dagoen herriak hartzen du, eta hortaz, aurtengo edizioan Lizarrari dagokio.
Erakusketak artelan ugari biltzen dituenez, esposizioa bi espazio ezberdinetan kokatu da, Gustavo de Maeztu Museoan eta Fray Diego Kultura Etxean.
Lizarra Ikastola osatzen dutenek "artistek euren obrekin transmititu nahi izan digutenaz soseguz gozatzeko" gonbita luzatu nahi diote jendarteari, "pribilegiotzat" jotzen baitute sorkuntza horietara hurbiltzeko aukera, "gure zentzumenak suspertzen, hezkuntza garatzen eta irudimena elikatzen dutelako".
Artea Oinez ekimen egonkorra da Nafarroa Oinezen jarduera programari dagokionez. Nafarroako ikastolek euskara eta kultura uztartzen dituzte eta jendarteari Euskal Herriko lehen mailako artisten lanak ezagutzeko aukera eskaini nahi izaten diote, izan ere Nafarroako ikastolen jaiaren xedeetako bat da euskal kultura suspertu eta zabaltzea.
Erakusketaren bidez, edizio bakoitzeko artista bat omentzen dute Nafarroako Ikastolek. Aurten, Lorea Alfaro García artista aukeratu da, Lizarra Ikastolako ikasle ohia eta EHU-ko irakaslea. Lorea Artea Oinezen historian zehar omendu diren sortzaile guztien artean gazteena da.
Bizi dugun pandemia egoera tarteko omenaldia xumea izan da baina, zinez, sentitua eta goxoa. . Aurreskua dantzatu diote eta ikastolako ikasleek bigarren hezkuntzako ikasle batek Loreak berak Artea Oinez 2021 erakusketan duen artelanari lotuta egin duen interpretazio bat, artelana bat oparitu diote, lore sortarekin batera eman diotena.
Lorea, bere aldetik, pozik agertu da eta jasotako errekonozimendua eskertu du. Ilusio handia egin dio Lizarran eta Lizarra Ikastolak egindako omenaldia. Eta, omenaldia euskarari zabaldu nahi ziola esan du.
Erakusketen egutegi/ordutegiak:
GUSTAVO DE MAEZTU MUSEOAN
Maiatzak 21- ekainak 27 bitarte
Asteartetik igandera, 09:30-13:30 / 16:00-18:00
Igande eta jai egunetan, 11:00-14:00
Astelehenetan, itxita.
KULTURA ETXEAN
Maiatzak 21- ekainak 6 bitarte
Asteartetik ostiralera, 18:30-20:30
Larunbatetan, 12:00-14:00 / 18:30-20:30
Igande eta jai egunetan, itxita.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU