2021/03/05

TANTA ikastolen aldeko elkartasun adierazpen txartela da. Herritarrek bost euroko ekarpena eginez eskuratu dezakete txartel bakoitza. Ikastolen jaien ekimenez sortu zen joan den urtean, eta ikastola guztien egitasmoa da. Horregatik Ikastolen Elkartearen ardurapean gauzatu da ekimena. Urtero, urte horretako jaien ikastola antolatzaileek dute elkartasun txartel hauek banatzeko ardura nagusia, baina ikastola guztiek hartzen dute parte ekimenean. Guztiak ari dira herritarren elkartasuna tantaz-tanta biltzen, auzolanean.

TANTA txartelak erosiz, ikastoletako egungo ikasleen garapenean lagunduko dute herritarrek, etorkizunean euskaldun konprometituak izan daitezen, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak. Ikastolek, berriz, herritarren elkartasun adierazpen hau saritu egin nahi dute. Horregatik, TANTA txartela erosten dutenek, trukean, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute.

Aurtengoan SAIOKA egitasmoa omenduz

TANTA egitasmoarekin IKASTOLA EREDUA ere azaldu nahi da; ikastolak nondik datozen, non dauden eta nora joan nahi duten adierazi nahi da. Modu labur eta didaktikoan, ikastolen Historiaren eta egitekoen berri eman nahi da, eta horretarako, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da, bilduma bat osatuz. Ekimena abiatzeko, Elbira Zipitria andereño historikoa aukeratu zen. Bigarren ekitaldian, berriz, Saioka egitasmoa omendu nahi da.

Saioka 1974an sortu zen Iker taldearen eskutik, eta gerora Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak eman zion jarraipena. Garai zailetan eta baliabide gutxirekin, dozenaka espezialistak Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko zortzi mailetako arlo guztietarako liburuak eta bestelako ikasmaterialak prestatu zituzten ikastolentzat. Lehenengo esperientzia integrala izan zen euskarazko ikas materialen sorkuntzan. Metodologia aldetik, irakasleak proposatu eta ikasleekin batera egin beharreko proiektu praktikoetan oinarriturikoa izan zen Saioka egitasmoa, originala eta berritzailea, euskara batuan idatzia, eta euskara arlo guztietan erabiltzeko pentsatua.



Itzuli
Abian da TANTA elkartasun ekimena. Bigarrenez landuko dute egitasmoa Euskal Herriko Ikastolek. Abian da TANTA elkartasun ekimena. Bigarrenez landuko dute egitasmoa Euskal Herriko Ikastolek.

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia