2021/02/24

IKASTOLAK HERRIARI 2021

Jakina den moduan, joan den urtean, pandemiak eragindako egoera tarteko, asko eta asko izan ziren bertan behera geratu ziren ikuskizun, kontzertu, jaialdi eta oro har, kulturarekin zerikusirik duten jarduerak. Horien artean ikastolen jaiak. Eragindako hutsunea ezingo zela bete argi izanik, bost jaiek erabaki zuten urtea ezin zela zapore mingotsaz despeditu eta Ikastolak Herriari ekitaldia antolatu zuten auzolanean. Azaroan gauzatu zen Kursaalean eta bertan sortutako giroa apartekoa izan zen.

Iazko esperientzia eta ikastolek beronen inguruan egindako balantze positiboa aintzat hartuta, 2021. urteko ikastolen festek urtean zehar garatuko den jarduera eta ekimen programa bateratua osatu dute. Ikastolen izaerari jarraiki, aipaturiko programa auzolanean eratu dute.

Programak jasotzen dituen ekintza eta ekimenak askotarikoak dira, bertsolaritza, musika eta artea landuko dituztenak besteak beste.

Lehen ekintza burutu da jada. 2020an Euskal Herriko Eskolartekoaren finalik ezin izan zenez egin, bertsolari gazteentzat aukera eta opari izan diren hiru saio antolatu dituzte Bertsozale Elkartearen eta Ikastolen Elkartearen artean. Batetik, mikrofonoan norbere ahalmena probatzeko aukera eta, bestetik, bertsolari handiak ondoan izatearen oparia.

Jendaurrean jarduteko beste era bateko aukera eskaini zaie, beraz, bertsolari gazte finalistei. Eskolatik Plazara izena izan duen ekimenak Gernika-Lumon, Iruñean eta Altzon izan du pausalekua. Hiru saiootan banatuta kantatu dute finalerako izendatuta egon ziren bertsolariak, saio bakoitzean goi-mailako bi bertsolari lagun zutela oholtzan.

Honako hauek izan dira plazan izan diren bertsolari gazteak: Aitor Ugarte, Aner Peritz, Bittori Elizalde, Ekhiñe Zapiain, Eukene De Los Aires, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate,  Naia Arrizabalaga, Irune Basagoiti eta Leire Vargas.  

Hitzetik Hortzera telebista programa aritu da saioak grabatzen eta bertsoaldirik onenak otsailaren 27an eta 28an ikusi ahal izango dira ETB1en. Eta saio berean Mikel Mendizabal eta Juanjo Respaldizari egindako elkarrizketa ere eskainiko dute. Elkarrizketa, bertsolaritza irakaskuntzara eramatean Ikastolen Elkarteak izandako aitzindaritasunaren ingurukoa izango da.

Programa bateratuaren baitan garatuko den bigarren jarduera ere martxan da. Liburu Ibiltaria deritzon egitasmoa Sopelako Ander Deuna Ikastolan abiarazi zuten otsailaren 15ean, ondorengo astean Leioako Betiko Ikastolan hartu dutelarik. Bi ikastola hauek dira, hain zuzen ere, aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileak, eta jaien ekimena izanik, aurtengo jaien antolatzaile diren ikastoletatik igaroko da liburua, guztien artean osatu dezaten. Baina jaien antolatzaile diren ikastolez gain, beste hainbatek ere hartuko dute parte ekimenean, guztira Euskal Herri luze zabaleko 21 ikastolatako DBH 3ko ikasleek hartuko dute parte hain zuzen.

Liburuari amaiera emateko ardura Lizarrako ikasleena izango da. Beraiek amaituko dute, eta Nafarroa Oinez egunean panel handi batzuetan ikusgai jarriko dute. Era berean, ekimenean parte hartuko duten ikastolei Liburu Ibiltariaren edizioaren ale bana emango zaie oroigarri gisa.

Ikastolen jaien helburuetako bat da euskaraz bizi, pentsatu, dibertitu eta sortzeko guneak eta ekimenak zabaldu eta sustatzea, eta bereziki gazteei eskaintzea euskaraz ongi pasatzeko, esperimentatzeko eta sortzeko aukerak. Liburu Ibiltariaren ekimenarekin, aukera hori zabaldu zaie DBH3ko ikasleei, eta, aldi berean, 21 ikastola horien arteko elkarlana sustatu nahi izan da, eta eremu soziolinguistiko desberdinetan kokatuta egonik, errealitate horien guztien isla ere izan nahi du Liburu Ibiltariaren ekimenak.



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia