2020/12/04

NAFARROA OINEZ 2021 LOGOAREN AURKEZPENA

 

Lizarra Ikastola osatzen dugun komunitateak 2019ko urriaren 20an hartu genuen Nafarroa Oinezen lekukoa Argia Ikastolaren eskutik. Pozez blai ginen, aurretik Oinezen beste hiru edizioren antolatzaile izanik bagenekielako Oinez urtea bizi eta aprobetxatzeko esperientzia dela. Nekez imajina genezakeen orduan 2020 urteak ekarriko zuena, programatutako jarduera programaren etena, Oinez eguna bertan behera utzi beharra… baina ikastolek egin duten ibilbidean, zorionez edo zoritxarrez, oztopoak beti izan dira presente eta oraingoan ere, betiko modura, hortzak estutu eta aurrera egin dugu. Aurtengo egoera berezi eta larriari ahal izan dugun modurik egokienean eman diogu irteera baina gure jatorrizko asmoei uko egin gabe. Hau dela eta, 2021. urteko edizioari begira ari gara lanean. Gure lan plangintza egokitu behar izan dugu, eta bide beretik, gure ikurra doitu.

Txio, Pio, Susu, Muxu eta Ur ditugu ibilbide berri honetan lagun. Lizarraldeko herri eta kultura aniztasunaren isla dira eta Nafarroa Oinezen leloaren bitartez zabaldu nahi dugun mezua hedatzen lagunduko gaituzte, hegan OINEZ.

Lizarra Ikastolan txorien antzera ekin genion gure ibilbideari, oskola hautsi, oinez ikasi eta indarrak eskuratutakoan, hegan egin nahi dugu. Egan, etorkizunera hegan.

50 urtez euskara lau haizetara zabaltzen, tinko eta irmo, gaur, ausart, Ongi etorri esan nahi diogu etorkizunari.

Ikastola da gure ardatza, bere handitasunean zein ezintasunean, bidean aurrera egiten.

Non? Nafarroan. Gure ama hizkuntza, lingua navarrorum, gutxietsi eta zapaldu den munduko txoko honetan. Lizarran, euskaldunon historian horrenbeste orrialde idatzi dituen herrian.

Eta nola ez, Euskaraz, uskaraz, euskeraz, eskuaraz … esateko modu ezberdin ugari baina bihotzean ulertzeko modu bakarra. Maitasunez. Baina maitasuna baino ederragoa da norbaitekin konpartitzen badugu. Zu, ni, elkarrekin.

Eraiki dezagun etorkizuna. Egin dezagun oinez, igeri edo hegan. Egin dezagun elkarrekin hegan OINEZ.

Nafarroa Oinez 2021 ikurraren inguruko zehaztapen gehiago honako loturaren bitartez:

http://www.nafarroaoinez.eus/nafarroa-oinez.asp?IdSeccion=26&IdContenido=119



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia