2019/04/11
Gaurtik aitzina, Kondestablearen jauregian izanen da Artea Oinezen edizio berria, Nafarroa Oinez ekitaldiari lotutako arte-erakusketa, aurten 70 nafar eta euskal artisten lanak bildu dituena. Aurtengo proposamena Tuterako Argia Ikastolatik datorkigu, hari baitagokio aurten ekitaldia antolatzea, eta Kondestableko lehen solairuko bi aretotan egonen da ikusgai, heldu den maiatzaren 12ra arte. Ondoren, erakusketak Tuterako Almirantearen etxerako bidaia eginen du.
Goizean aurkeztu dute Artea Oinezen edizio hau Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zinegotzi ordezkari Maider Belokik, Maru Eriz Tuterako ikastolako lehendakariak eta Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari eta erakusketaren komisarioak. Ekitaldian azaldu dute aurten erakusketaren artista kuttuna Javier Sueskun dela, lan artistikoagatik eta ikastolekiko erakutsi duen eskuzabaltasunagatik. Erakusketa astelehenetik igandera bisitatzen ahalko da, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara (itxita egonen da apirilaren 18, 19 eta 21ean, eta maiatzaren 1ean).
Ikastolen proposamenak abangoardiako kultura eta artearen aldeko apustua egiten du, errealitateari buruzko gogoeta egiten duten artisten lankidetzaren bidez. Erakusketa honako artelan hauek osatzen dute: 15 eskultura, 2 eskultura-pintura, 7 argazki, 22 margolan, 2 marrazki, 8 grabatu hainbat teknikatan (litografia, serigrafia, akuafortea, etab.), 3 inpresio digital, teknika mistoetan egindako 9 lan, bideo bat eta instalazio bat.
Erakusketa honek hizkera- eta teknika-errepertorio oso zabala biltzen du. 70 artistaren lanak biltzen dira bertan, horietako 22 emakume direlarik. Artisten 34 nafarrak dira –horien 14, emakumeak–, eta gainerako 36ak Euskal Autonomia Erkidegokoak. Azpimarratzekoa da Tuterako eta Tuterako merindadeko artisten presentzia: 3 emakume eta 3 gizon. Erakusketa honetan ikus daitezke, halaber, beren obra ARCO azokako azken edizioan nazioko eta nazioarteko 7 galeriatan erakutsi dituzten 18 artisten artelanak. Horrez gain, edizio honetan ikus daiteke maiatzean inauguratzekoa den Veneziako Bienalean Espainia ordezkatuko duten bi artisten lana. Itziar Okariz eta Sergio Prego.
Omenaldia Javier Sueskuni
Tuterako Argia Ikastolak Javier Sueskun hautatu du artista kuttun gisa 2019ko Artea Oinezerako, “bere lan artistikoaren mailagatik eta ikastolekiko erakutsi duen eskuzabaltasunagatik”. Sueskun aldi berean aritu da zeregin akademikoetan eta margolari-lanetan. 23 alditan egin ditu bakarkako erakusketak, 1978tik 2009ra. Hainbat prestakuntza-ikastaro eman ditu historia, artea eta plastika ardatz, eta hitzaldi-zikloak Nafarroako hainbat udalerritan, “ekintza estetikoa hautematea” hizpide, Nafarroako Gobernuaren babespean. Arte plastikoetako zenbait lehiaketatan epaimahaikide aritu da, eta 1996tik 2000ra Nafarroako Kultura Kontseiluko kide izan da. Halaber, Artea Oinezen hainbat ediziotan parte hartu du.
Sueskunek ikerketa pedagogiko eta historikoko zenbait lan egin ditu Nafarroako margolari garaikideen inguruan, bai Tuterako merindadeko manierismoaren eta barrokoaren inguruan ere. Bere lana abstrakzio-lurraldeetan ibiltzen da, figurazio-hizkuntza gutxietsi gabe. Popetik informalismora, orban finetik marrazki kartsura, sentikortasun handia erakusten du beti, eta lanbidearen ezagutza goitik beherakoa. Lanetan azpimarratzen dira ura-argia, lehorreko lurra, figura, etab.Teknikan duen erraztasuna nahiz zehaztasuna eta teknika menperatzen duela igartzen da lan guztietan.
ERAKUSKETA DATUTAN
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU