2017/08/04
Lesakako Udalak uztailaren 28ko batzarrean aho-batez onartu zuen 2015eko abenduan Frain inguruan suak kiskalitako herri lurreko 10 Hektareatan 11.000 zuhaitz landatzeko basoberritze-plana eta honela, bere ekarpena egin nahi dio orain dela zazpi urte Nafarroa Oinezen baitan antolatutako Oinez Basoa ekimenari eta urriaren 15ean ospatuko den Nafarroa Oinez-i. Hortaz, lesakar guztiena izanen da Oinez Basoa. Datozen asteetan, agenda kontuak lotzen dituztenean, sinatuko dute hitzarmena Jose Luis Etxegarai alkateak Lesakako Udalaren izenean, Amaia Lasheras presidenteak Tantirumairu Ikastolaren izenean eta Mikel Asiainek, Nafarroako Ikastolen Elkartearen izenean.
Lesakako Udalak kudeatuko ditu Nafarroako Gobernuko Oihanberritzerako laguntzak izapidetzea Nafarroako Gobernuko 2017ko laguntzen deialdi publikoan. Kalkulatzen da 11.000 zuhaitz landatuko direla, orain arteko Oinez Basorik handienean, honako espezie honetakoak: bertako haritza, gerezi, lizarra, astigarra, urkia, Atlas zedroa eta pinus taeda. Udalak hartuko ditu bere gain bai landaketa bai haren arrakasta ziurtatzeko mantentze-lanak, eta, Nafarroako Gobernuko deialdiko eskakizunak beteta gauzatuko ditu. Lurrak nahiz baso berriak Lesakako Udalarenak izaten jarraituko dute, baina Tantirumairu Ikastolak eta Ikastolen Elkarteak (NIE) basoa erabili ahal izango dute helburu didaktiko eta dibulgaziozkoekin, horretarako Oinez Basoaren Sarean sartuta.
Tantirumairu Ikastolak, Nafarroa Oinezen antolatzailea eta Oinez Basoaren sustatzailea den aldetik, Oinez Basoan ekarpen bat egiteko konpromisoa hartu du. Ekarpenaren izaera landaketa bukatu eta gero erabakiko da eta inguruneak eskaintzen dituen aukerak kontuan hartuta, baina, edozein kasutan, aurreikusten da aisialdirako, proiektuaren dibulgaziorako eta hezkuntza-jardueretarako espazio bat izanen dela. Edozein kasutan Ikastolak aldez aitzinetik adostuko du Udalarekin egin beharreko esku-hartzea. Oinez Basoaz oro har eta bertako proiektuaren gaineko informazioa emanen duen interpretazio-kartela sortu eta inguruan kokatzea ere ikastolari dagokio. Ikastolaren baliabideen baitan, aisialdirako jarduerak diseinatu eta burutu eta basoaren hazieraren jarraipena ere eginen du.
Zazpigarren Oinez Basoa
Tantirumairu Ikastolarena Nafarroa Oinezek sortuko duen zazpigarren basoa izanen da, 2010ean Oinez Basoa abian paratu zenetik. Oinez ospakizunak ingurumenean kalte ekologikoak eragiten zituela ikusita sortu zen egitasmoa abiatzeko ideia. Izan ere, baliabide naturalak kontsumitu, hondakinak sortu eta berotegi efektuko gasak isurtzen baititu bestak. Kalte ekologikoa orekatzeko asmoz, besta ospatzen zen tokian ingurumenarendako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: naturgune autoktonoa birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa hain zuzen. Erabaki hori hartu zenetik gaur egun arte, sei baso ezberdin sortu ditu Oinez Basoak: mendebaldeko baso bat Arbizun, baso mediterraneo bat Tafallan, ibaiertzeko baso bat Tuteran, baso jangarria, hegazti basoa eta zabortegi eremua berreskuratzeko basoa Zangozan; bertako pagolizarra eta erramu portugaldarra dituen basoa Baztanen; eta, azkena, Viana eta Lodosako ikastolen eskutik, Andosillan eta Sartagudan egin dena. Denera, espezie ezberdineko 36.000 zuhaitz landatu dira dagoeneko Oinez Basoa ekimenaren baitan. Baso horien landaketaren haritik ikasgeletan ingurumenaren zaintza eta errespetua bultzatzeko unitate didaktikoak sortu dira eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean, Oinez Basoaren ekarpenak aztertzeko ikerketa lana paratu da martxan, bertze ekintza batzuen artean.
www.oinezbasoa.eus webgunea, modernoa eta erabilerraza
Webguneak berak (www.oinezbasoa.eus) diseinu modernoa du, eta itxura atseginekoa eta erabilerraza da. Interneti eta sare sozialei ahalik eta probetxurik handiena ateratzen saiatzeko bideratua dago. Bi hizkuntzatan eskuragarri dago (euskaraz eta gaztelaniaz) eta askotariko euskarrietara egokitua du diseinua; hau da, telefono, tablet zein ordenagailu bidez bistaratzen ahal da behar bezala.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU