2017/02/14

Musika eta historiaren memoria landu dute Lesakako Nafarroa Oinez urteko lehen jarduera nagusian

 

Oiartzun eta Lesakak bat egin dute Lesakako Nafarroa Oinez 2017ko aurreneko kultura ekimenetan, herritarrek gogoz erantzun baitzuten larunbat arratsaldean Aiako Harrien Oiartzungo magalean egindako bi jardueretan.

 

Lehenik, Arditurrin tobera tailerra eskaini zuen Soinuenea Fundazioak, eta 60 bat lagun gerturatu ziren bertara. Tartean Lesakan toberaren ohitura berpiztu zuen Dionisio Muxikaren bilobak zeuden, Arritxu eta Iratxe Muxika. Dioni eta Patxi aita eta osaba lagun zutela tobera jo zuten, musika tresnaren inguruan zenbait azalpen aditu eta gero, eta ondoren bertze batzuk ere animatu ziren tobera jotzera.

Ondotik, Arritxulo aterpea txiki gelditu zen Amets Arzallus, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Eneko Fernandezek eskainitako bertso-trama aditzeko. Agiñako errepidea eta Aritxulegiko tunela bortxaz egin behar izan zuten "trabajadoreen" inguruko trama landu zuten lau bertsolariek, Iban Garro gai-emaileak emandako gidoiarekin. Eneko Fernandezek 'trabajadore' izandako Donatoren larruan aritu zen, Alaia Martinek honen emazte Ireneri eman zion ahotsa, Amets Arzallus zaindari lanetan aritutako Jose izan zen, eta Andoni Egañak inguruko baserri bateko Segundo nerabearen paperean abestu zuen.  Bertso tramaren bukaeran jendea zutik, txalo zaparrada luzea eskaini zieten. Gainera, Baserri bertsolaria frankismoko langile behartuetako bat izaki, bere bertsoak zaharrak kantatu zituzten Lesakako eta Oiartzungo bertso-eskolako ikasleek.

 

Guztiari behar bezalako amaiera emateko, 70 bat lagun Arritxulon bertan antolatutako afarian izan ziren, eta bertze zenbait lekurik gabe ere geratu ziren.



Itzuli
Tobera tailerra eta bertso trama arrakastatsuarekin abiatu da  kultur programazioa Tobera tailerra eta bertso trama arrakastatsuarekin abiatu da  kultur programazioa

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia