Korsikarrak Euskal Herrian – Lehen eguna

Urriak 14ean iritsi ziren Nadia eta Dominique korsikarrak Biarritzera Nafarroa Oinezean parte hartzeko asmoz. Korsika garaiko koordinatzaile pedagogikoa da bata; bestea aldiz, Subissi ikastetxeko zuzendaria. Biarritzen elkartu eta Iruñara abiatu ginen, nahiz eta, geldialditxoa egin genuen Donezteben. Bertan, Nafarroa Oinez jaiaren nondik norakoak azaltzen aritu ginen eta beraiek korsikeraren egoera azaldu ziguten.

Geldialdiaren ondoren, Iruñara joan ginen eta, bertan, Alejo argentinarra batu zitzaigun hiria ezagutzera. Alejo, orain arte Euskal Herriarekin inongo loturarik izan ez duen argentinarra da. Bertako euskal etxean hasi zen euskara ikasten eta gaur egun euskara irakaslea da Argentinan. Unairen eskutik ezagutu genituen Iruñeako alde zaharra eta hiriaren historia.