Korsikarrak Euskal Herria – Bigarren eguna

Urriaren 15ean Lodosako Ibaialde ikastolan elkartu ginen goizean goiz; bertan, opariak trukatzeaz gain, ikastola ezagutzeko aukera izan genuen Aritz irakaslearen eskutik. Handik Nafarroa Oinez eguna ospatu zen herrira joan ginen, Vianara hain zuzen ere.

Vianako Erentzun ikastolara iritsi bezain laster ikusi genituen hurrengo egunerako prestaketa lanak, eta konturatu ginenerako lanetan laguntzen ari ziren korsikarrak. Ikastolan geundela batu zitzaizkigun Valentziatik etorritako Escola Valencianako kideak ere. Ondoren, Iban Erentzungo lehendakariak erakutsi zigun ikastola.

Behin ikastola ezagututa, ibilbideko gune ezberdinak ikustera joan ginen, korsikarrek eta valentziarrek, egun handi honen antolakuntza nolakoa den ezagutu zezaten. Harrituta geratu ziren zenbat jendek parte hartzen duen ikusita. Bateko bisita eta besteko berriketa artean gosetu ere egin ginen, eta egunarekin indartsu jarraitu ahal izateko bazkari ederra egin genuen sagardotegian. Arratsaldean, berriz, Vianaren alde zaharra ezagutzeko aukera izan genuen. Egun osoa batetik bestera pasa ondoren libre utzi genuen iluntzea, hurrengo egunerako indarrak berreskuratu ahal izateko.