Korsikarrak Euskal Herrian: Hirugarren eguna

Urriak 16, azkenean iritsi zen egun handia, urte osoko lanaren fruitua jasotzeko eguna. Goizean, Erentzun ikastolan elkartu ginen eta bertan bildutako jende andanaren artetik ikusi genuen lehenengo ekitaldia. Oholtzara igo ziren, besteak beste, bi ikastoletako lehendakariak, zuzendariak eta politikariak. Jarraian, ibilbide osoari buelta eman eta bigarren ekitaldirako prestatu ginen; gure ekitaldirako hain zuzen ere.

Txikiak Handik eman zion hasiera bigarren ekitaldiari, bertan korsikarrez eta Alejoz gain Garabide elkarteari esker Nafarroa Oinezera etorri ziren beste hainbat hizkuntza gutxituren ordezkarik parte hartu zuten. Ekitaldian korsikarrek hitz egin zuten, hainbat konturen artean, beraien hizkuntza eta ikastetxeen egoera izan zituzten hizpide. Manifestua sinatuz amaitu zen ekitaldia. Jarraian, omenaldia eta Lesakako ikastolari lekukoa ematea ikusi genituen. Behin ikastolan burututako ekitaldiak bukatuta, Nafarroa Oinezera jaitsi ginen, festa egin eta geratzen zitzaigun denboran ekintza ezberdinez gozatzeko asmoz. Hara non, kosikarrei bertsoak eta guzti abestu zizkieten.