Txikiak Handi, Hamaika 11N

Txikiak Handi, Hamaika 11N

Tafalla 2011

Nafarroa Oinez euskara eta euskal kultura hedatzeko tresna bikaina da, baita eleaniztasuna eta hizkuntza gutxituen errespetua aldarrikatzeko bidea ere, horregatik, Txikiak Handi Nafarroa Oinezeko parte iraunkorra bilakatu da. Hortaz, inguruko errealitate linguistikoak babestu eta sendotzea xede izango dute festa handi hau antolatzeko arduradunek. Aurten, Tafallako Garcés de los Fayos ikastolatik hizkuntza gutxituen alde lanean jarraitu nahi dugu eta Amerikar kontinentera salto eginez bertako hizkuntzekin bat egin. Halaber, manifestua sinatuko duten atxikimendu bila lanean arituko gara hurbilago ditugun hizkuntzekin, galegoa kasu.

Proiektua mamitzeko aintzat hartu direnak

Hartu emanaren ondorioz elkarren arteko ezagutza eta kultura aberastasuna bultzatuko duen proiektua mamitu nahi da, alegia, sinatzaile berriekin ezarriko den harremanak hartu emanekoa eta elkarrenganako aberastasun trukea xede izan beharko du.
Aurten, Amerikako jatorrizko herrien aniztasun linguistikora hurreratu eta berauekin elkarlanean aritu nahi dugu ezagutza loturak ezarriz eta hizkuntza berreskurapenaren alorrean Amerikan abian diren ikerlanak publiko orokorrari helaraziz. Aldi berean, Txikiak Handi manifestua sinatu ez duen estatuko hizkuntza koofizial bakarrarekin, galegoarekin, lanean diharduten talde eta elkarteekin orain bi urte abiatutako harremanei jarraipena eman nahi diegu eta Nafarroa Oinez festara gonbidatu. Azkenik, kultura aniztasunarekiko errespetua eta gutxitutako hizkuntzen garrantziaz txikitatik ohartarazi eta hurbiletik ezagutaraztea nahi dugu proiektuaren sena gela barrura eraman eta izaera didaktikoa eman nahi diogu.

Helburuak

Orain bi urte abiatutako Txikiak Handi proiektuari jarraipena ematea
Hizkuntza aniztasunaren alde lanean jarraitzea
Txikiak Handi manifestua izenpetuko duten Erakunde sinatzaile berrien atxikimendua bilatzen jarraitzea: Alde batetik, amerikar kontinentean hizkuntza gutxituen alde lanean diharduten talde, erakunde eta elkarte berrien atxikimenduak bilatuz eta, bestalde, galegoaren inguruan lanean diharduten talde eta elkarteekin abiatutako harremanei jarraipena emanez
Amerikar kontinentean hizkuntza gutxituen berreskurapenean lanean diharduten talde eta elkarteekin harremanak ezartzea eta beren errealitatea hurbiletik ezagutzea
Nafarroa Oinez festa egunean galegoen presentzia ahalbidetzea
Ikastoletan erabilgarri suertatuko den ikasmateriala prestatzea