Mundua Oinez

Mundua Oinez

Zizur Txikia 2012

Munduko euskaldun agurgarria,

“Nafarroa Oinez” 1981az geroztik Nafarroako ikastolek (iniziatiba sozialeko euskal ikastetxeak) urtero antolatzen dugun ospakizuna da, Euskararen sustapenerako eta ikastetxe horietarik bat eraikitzeko edo eraberritzeko diru-funtsa eskuratzeko xedeaz. Denboraren joanean, Euskararen aldeko gertakari jendetsuago ezina bihurtu da, beste ekitaldiren artean, urtero aurretik markaturiko ibilbide batean 100.000 lagun inguru biltzen baitu, jarduera eta ikuskizun sail ederraren karietara.

Aurten, San Fermin Ikastola da txanda hartuko duena, urriaren 21ean hain xuxen; Zizur Txikiko gure ikastetxe honetan (Iruñe ondoan) 4.000 ikasle inguru izan dira azken lau hamarkadan.

2009az geroztik, Nafarroa Oinez festaren baitan “Txikiak Handi” proiektua garatzen da, zein gutxiengoen hizkuntzen handitasuna (txikien ez, beraz) aldarrikatzeko parada eskaintzen duen, bai eta haien artean loturak sortzeko ere. Nafarroa Oinez festaren ospatzea aukera ona dugu mundura ateratzeko eta hizkuntza guztiak errespetatuak izan daitezen aldarrikatzeko.

Aurten Euskara gizateriaren ondare dela nabarmendu nahi dugu. Horregatik, San Fermin Ikastolan abian jarri nahi dugu “Mundua Oinez” ekimena, hau da, mundu zabaleko euskaldunak edo gure hizkuntza maite dutenak parte hartzera eta gure hizkuntza laguntzera erakarri.

Horretarako hiru gauza eskatu nahi dizkizuegu:

  • Manifestua: gure web-orrian ageri den manifestua sinatu. Txikiak Handi ekimenak manifestu honen bidez gutxiengoen hizkuntzak normalizatzeko gizabanakoek eta erakundeek beren sinadura eman dezaten eskatzen du, haiek babestu eta haien legezkotasuna eta jendarteko ingurune guztietan erabiliak izateko eskubidea aldarrikatzeko.
  • Bideoa: Manifestuaren irakurketa bideoan grabatu eta guri igor diezaguzuen eskatzen dizuegu. Ekarpen guztiez mosaikoa osatuko dugu. Argazkiak baita jasoko ditugu.
  • Euskara Munduan: euskaldun zareten aldetik, Euskarak, gure hizkuntzak, zuen iritziz munduan zer toki betetzen duen lerro gutxi batzuetan azaltzea eskatu nahi dizuegu.

 

Bidali mesedez, honako helbideetara:

txikiakhandi@sanferminikastola.net edo txikiak.handi.oinez@gmail.com

 

Bestalde, iristen zaizkigun bideoak eta adierazpenak zabaltzeko, web orrialde honi loturiko Blog-a sortu dugu: http://txikiakhandi2012.wordpress.com

Esker aunitz eta besarkada handi bat...

San Fermin Ikastola