Txikia naiz eta harro nago!

Txikia naiz eta harro nago!

Tutera 2013

Iritsi da zuen txanda! Esketx motz eta xume bat grabatzea eskatuko dizuegu; gero, bazter ezberdinetako hizkuntza ezberdinetan egindako esketxekin bideo bat osatu ahal izateko. Horretarako, hauek dira jarraitu beharreko urratsak:

  1. Gure esketxa zuen hizkuntzara itzuli (oso motza eta sinplea da; nahi adina moldaketa egin daitezke). Esketxak istorio berdina kontatu behar du.
  2. Transmititu nahi dugun mezua honakoa da: “handia ez da ezer txikirik gabe” (gure kasuan, barazkiak ez dira ezer gatzik gabe). Kutsu hori mantendu behar da.
  3. Zuen lurraldeko kultura eta ohitura gastronomikoak islatu (Guk  gure barazkiak eta gatza erabili ditugun bezala, zuek zuenak erabil ditzakezue. Adibidez, soja saltsa gatzaren ordez).
  4. Lagun arteko kontua da, ez da teknikoki zerbait profesionala izan behar. Ongi pasatzea da  beste  helburuetako bat!
  5. Grabaketa lagun artean elkartzen zareten lekuren batean egin daiteke: txoko, etxe, jatetxe...
  6. Grabatzeko materiala edozein izan daiteke: mobila, argazki kamera, bideo kamera...
  7. Zuen lanak emailez bidaltzeko moduko formatu arin batean grabatu. Eta honako helbide honetara bidali txikiakhandi2013@gmail.com.
  8. Zuei eta zuen hizkuntzari buruzko informazio orokorra jaso ahal izateko bete honako erregistro orria. 

Eskuinaldean duzue guk grabatu dugun esketxa. Erraz grabatzen da, eta lagunartean, lankide edota ikaskide artean ongi pasatzeko aukera ematen du. Zenbat eta bideo gehiago jaso, aberasgarriagoa izango da gure proiektua. Txikia handiagoa eginen dugu!

Zuen lanak jaso ahala, beatbitsa osatzen joango gara, eta webgunean jarri eta ahalik eta gehien zabaltzen saiatuko gara.

Anima zaitezte, lagunak: TAUPADAZ BAT EGIN!


"Chiquetz pero grans". Aragonés

Hasi dira iristen toki ezberdinetako taupadak!!!


 Lehen taupada Euskal Herritik

Abian da gure beatbitsa! Hemen doakizue gure lehen taupada!

Tuterako Beterri peñan ederki pasa genuen Ez dago handirik txikirik gabe esketxa grabatzen, eta bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu Saioa Crespo, Iñigo Rodrigo, Jesika Larrasoain eta Pepe Zardoya gure aktore  bikainei! Biba zuek!!

Orain beste txoko batzuetako taupaden txanda izango da. Beste hizkuntza txikien hiztunei iritsi zaie ordua! Txikion handitasuna aldarrikatzea helburu, beraiek bidalitako esketxekin, azkenean denon arteanbeatbits mundiala osatuko dugu!


Beatbitsa

Zer da beatbitsa? Beatbitsa (ing.: “taupada zatiak”) esketx txikien batura handia da, eta honako bereizgarriak ditu:

  • Mezu bera du ardatz esketx guztietan.
  • Hizkuntza gutxitu batean egina da esketx bakoitza.
  • Kultur aniztasunaren isla da.

Txikia naiz eta harro nago!

Txiki, txiki, txikia… handitzen, handitzen, hasi naiz handitzen, txikia izanik asko maite zaitut… Txikia naiz, bai, baina harrotasunean handi sentitzen naiz... Euskalduna naiz eta harro nago zioen Negu Gorriaken abestiak.

Sarearen handitasunean, proiektu honi forma eman nahian,  Kamerungo busuu hizkuntzarekin egin dugu topo… Zortzi hiztun dituen hizkuntza, alajaina!!! Desagertzear dagoen hizkuntza, baina, hala ere, bertako hiztunek, beraien hizkuntza mundura ezagutarazteko ahalmena izan dute eta mezu positibo eta alaia transmititu nahi izan digute. Guk ere antzeko zerbait egin nahi dugu: mezu positiboa transmititu, harrotasuna adierazi, txikia handi bihurtu. Euskaldunak gara eta harro gaude! Txikiak gara eta harro gaude!

Taup-taup… Gure bihotz taupadak eskainiko dizkiogu munduari. Gure egoeran dauden hizkuntzekin harremanetan jarriko gara, eta beraien bihotz taupadak entzungo ditugu; mezu positiboak bildu eta bateratuko ditugu. Ez da erronka makala izango, baina izan gaitezen positibo, positibo, positibo…  Joxe Ripiau taldeak abesten zuen moduan.

Munduan  zehar eginen dugun ibilbideaz gain, urrutira joan gabe, Nafarroa Oinez egunean, Erriberan hizkuntza minorizaturen bat hitz egiten duten herritarrak biltzea izango da gure beste helburuetako bat. Ikastolen festa nagusia, euskararen jaia, hizkuntza aniztasunaren topagunea bihurtu nahi dugu.

Orain artean egindako lanari ere jarraipena emanen diogu: Txikiak Handi manifestuaren mezua zabaltzen jarraituko dugu, gure inguruan ahalik eta ate gehien joko ditugu eta baita munduko bazter ezberdinetan ere, gure proiektua egiteko harreman berriak finkatu ahala, manifestuaren berri emango diegu.

BIDEOAK

"Chiquetz pero grans". Aragoiera

 

Ez dago handirik txikirik gabe!

 

Busuu, busuu...