Lizarra Ikastola

Lizarra ikastolaren historia

Euskal kulturarekiko maitasuna zuten lagun batzuk izan ziren duela 50 urte Ikastola martxan jarri zutenak. Gora-beheraz beteriko bidearen lehenengo urratsak eman zituzten testuinguru latz horretan, asmo argi batekin: beraien seme-alabei eskolaratze euskaldun bat eskaintzea. Ikastolan ez ezik, Lizarrako etxe eta kaleetan entzuten hasi zen berriro ere euskara. Haien ametsa errealitate bihurtu da, ikastolak euskara Estellerrian sendotzea ere lortu baitu.

Urte hauetan ikastolako ikasle, irakasle eta familiek, auzolan kementsuan, gure Ikastola eraiki dugu, gure izerdi, konpromiso, ahalegin eta esku hartzeari esker. Kooperatibismoaren
eskutik, gure hezkuntza proiektua moldatzen joan gara eta gure ikasle eta seme-alabei ikastola bero eta atsegina eskaini diegu.

Lizarran ospatu diren hiru Nafarroa Oinezek garaian garaiko beharrak asetzeko balio izan dute, hala nola, Lizarra eta inguruko euskaltzaleak bide berean bateratzeko. 1985ekoa euskararen jaiaren finkatzea izan zela esan ohi bada ere, 1990ekoak ikastolari, garai hartan, beharrezkoa zuen bultzada eman zion. 2004. urtekoak Ikastolaren etengabeko hazkuntza
eta hobekuntza bermatu zituen.

Hiru Nafarroa Oinezetan jaso dugu bereziki euskaltzaleon babesa eta elkartasuna. Baina ezin ahaztu lehenengo urteetan ibilbide luzeagoa zuten beste ikastola batzuen eta hainbat
erakunderen eskutik jaso genuen laguntza.

  • 1931-1936
    Lizarrako Euskal Eskolaren sorrera, Estellerrian euskara berreskuratzeko lehen saiakera.
  • 1970eko irailaren 29an sortu zen Lizarra Ikastola gurasotalde baten ekimenari esker.
  • 1970eko urriaren 5ean, Lizarra Frontoiko gela batean 25 ikaslek eman zioten hasiera ikastolako lehenbiziko ikasturteari.
  • 1976-1977 Ikastola Kontsumo eta Hezkuntzarako Sozietate Kooperatibo bihurtzen da.
  • 1985 Matrikulazioak gora doaz eta espazio handiago baten beharra ikusi ondoren, Eskolapioen eraikinaren erosketa burutzea erabakitzen da.
  • 1985 NAFARROA OINEZ: denok bat euskaraz.
  • 1990 NAFARROA OINEZ: ezina ekinez egina.
  • 1991eko urriaren 13an ikastolako eraikin berriaren inaugurazioa.
  • 1993 DBH ezartzeko eraikin zaharraren zaharberritzea.
  • 1999 Haur Eskolaren inaugurazioa.
  • 2003 Nafarroako Gobernuak Brontzezko Zigilua ematen dio ikastolari.
  • 2004 NAFARROA OINEZ: lizarran@euskaraz.bai
  • 2005-2006 Europako Bikaintasun Ziurtagiria (400+Zilarra)
  • 2008-2009 Elkarbizitza praktika onei sari nazionala.
  • 2009-2010 Europako Bikaintasun Zigilua (500+Urrea)
  • 2010-2011 Kultura Ministerioaren Sormen Sari Nazionala
  • 2014-2015 Urtxintxa gela (Trantsizio gela)
  • 2017 Keinuka proiektua (Haur Hezkuntza)
  • 2018 Erasmus+ Programa

Azken urteotan, gizartearen aldaketak aintzat hartuta ere, Ikastola bizirik dirauela argi dugu. Garai bateko gurasoak aitona-amonak bihurtu dira eta bilobak ekartzen dituzte besoetan egunero ikastolara. Garai bateko ikasleak, guraso euskaldunak bihurtu eta seme-alabak ekartzen dituzte orain, Nafarroako gainerako 14 ikastoletan gertatzen den legez, etengabeko berriztatze zoragarri batean.

Gaur egungo ikastola

Egun, 2019-2020 Ikasturte hasieran, Lizarra Ikastolak 592 ikasle ditu: 67 Haur Eskolan (0-2 urte); 146 Haur Hezkuntzan (3-5 urte); 262 Lehen Hezkuntzan (6-12 urte) eta
184 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (12-16 urte).

  • Gurasoen irakaskuntza kooperatiba bat da.
  • Herritik eta herriarentzat sortua, auzolanean, hastapenetatik eta orain arte Estellerrian etengabeko jardunean aritu dena, eta etorkizunean arituko dena.
  • Ikasleen alderdi guztiak hartzen ditu kontuan, ikasleak bere osotasunean garatu ahal izateko.
  • Ikasleak euskaraz eta euskal kulturaren ezagupenean hornitu nahi ditu.
  • Euskaraz bizitzeko eskubide eta betebeharren alde egiten du.
  • Gure zeregina, pertsonak heztea da gure hizkuntza eta kulturatik abiatuta beste kultura eta hizkuntza batzuetara irekiz.
  • Hizkuntzaren berreskurapena eta normalizazioa ditu helburu.
  • Estellerrian euskararen uzta erein eta haziak jasotzen ari dena.
  • Eremu erdaldunean euskara irakasteko murgiltze eredua eskaintzen lehenak.
  • Gainerako Ikastolekin Ikastolen Elkartea (Euskal Herriko Ikastolen sarea) osatzen duena.
  • Ekimen sozialetik sortutako erakundea da; herritik sortua herriarentzat.
  • Hezkuntza komunitateko kide guztien parte-hartzea, inplikazioa eta kolaborazioa sustatzen du.

Lizarra Ikastolaren beste ezaugarri nagusi eta esanguratsuenetako bat berritzailea izatean datza. Bere sorkuntzaz geroztik, arreta berezia jarri dio berrikuntza pedagogikoari eta bere jardueraren etengabeko hobekuntza prozesuari. Horrek, hamaika proiektutan murgilarazi gaitu, eta honen adierazgarri nagusia, oraintxe buru belarri lantzen ditugun proiektu guztiak dira.

Orain arte egin den lana, eta egun egiten ari dena, etorkizuneko haziak dira. Elkarlana eta auzolana lantzen jarraituko dugu, hori baita, gure hezkuntza ereduaren bereizgarri nagusiena. Sarean lan egiten dugu, pertsona askoren lanak indar handiagoa duelako. Kontraesan eta zailtasunei aurre eginez, hanka bat lurrean dugu, sendo, tinko, oinez jarraitzeko, eta bestea ordea, airean, egin nahi dugun guztiarekin amesten jarraitzeko. Mende erdia bete dugu jada, baina hau, ibilbide luze eta oparoaren hasiera besterik ez da.

Hezkuntza proiektua

KEINUKA
Eremu zabal eta erakargarriak Haur Hezkuntzan, lasaitasun eta konfiantza giroan, adin ezberdinetako haurren arteko harremana bideragarria egiten dutenak. Mugimendu askatasuna eta aldi berean, maila ezberdinetako erronkak adimena, zentzumenak eta psikomotrizitatea garatzeko.

OPTIMIST
Adimen gaitasun ezberdinen entrenamendua kurrikulumaren edukiak barneratzeko garaian.

CREA
Erantzun eta irtenbide aniztasuna sustatzen sormena garatzearren.

PENTAZITATEA
Adimen emozionala eta soziala garatzea du xede eta pertsonen bost eremu ezberdinetan jartzen du arreta: identitatea, adimena, gorputza, harremanak eta emozioak. Norbere emozioen ezagutza, bestearen tokian jartzea, ekimenerako prestaketa, lasaitzea, kalte egiten diguten aldarteen birziklapena.

KIVA
Eskola erasoak murriztu eta ekiditeko programa. Gure behaketarako eta babeserako gaitasunak sustatzen.

EKI-UBAGUA
Ikasgai bakoitzaren mugetatik haratago, hainbat gaitasun eta konpetentzia lantzen dituzten proiektu zabalak, material eta proposamen berritzaileekin.

URTXINTXA GELA
Trans i z io eta estimulazio multisensorial gelak. Ezaugarri bereziak dituzten haurren beharrei erantzunez.

ERASMUS +
Ikasketa eta kultur trukea Txekia, Polonia, Finlandia, Zipre, Italia eta Turkiako gazte eta ikastetxeekin.

ELEANITZ
Euskarazko, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko ikasleen komunikazio gaitasunen hasiera goiztiarra eta integrazioa.

ESTIMULAZIO GOIZTIARRA
MER (Mugimendu erritmikoaren Terapia), logopedia, diagnosi froga ezberdinak, entzumenaren eta mugimenduaren estimulazioa. Prozedura berezien diseinu eta jarraipena, profesional ezberdinen arteko koordinazioa: irakasleak, psikologoak, logopeda, pedagogoak, e.a.



2020ko urriak 18 octubre 2020

Hurrengo ekitaldiak

Online denda Egin zure ekarpena Babesleak Pedro Luis Kontserbak Boluntarioak