Tantirumairu Ikastola - Lesaka Nafarroako Ikastolen Elkartea

JORGE OTEIZA: Aita Donostiaren omenez  (Agiña)

AITA DONOSTIA

Aita Donostiaren omenez eraikitako estela edo hilarri hau, Jorge Oteiza eskultore ospetsuak egin zuen 1959 garren urtean Agiña izeneko leku hau gune megalitikoa da, Kristo aurretik 1000 garren urteko harrespil aunitz ikusi daitezke inguruan; hauetako baten erdian kokatuta dago eskultura. Harrespilak antzinako gizakien hilobiak dira: harriek osatzen duten zirkuluaren erdian kutxatila edo lurrontzietan sartzen zituzten hildakoen errautsak.

“Txori kantu zale ederra non ote haiz kantatzen” jartzen du eskulturan; kantu zahar batetik hartutako hitz horiek Aita Donostia musikagile ospetsuari eskainiak dira. Honek, bere musika sortzeaz gain kanta zahar herrikoien bilduma zabala osatu zuen.

Jorge Oteizak eskultura egin zuen eta Luis Vallet de Montano arkitektoak, ondoan ikusten den kapera txikia eraiki zuen.

1992an norbaitek mailukadaz hondatu zituen eskulturaren ertzak; Oteizaren ikaslea izandako artista bati leporatu zitzaion ekintza eta horregatik kartzelan egon zen bolada batez. Oteizak berak ez zuen nahi izan bere obra konpontzerik.

ENTZUN AITA DONOSTIA.mp3

 

BORDIENEA

XVIII garren mendean egindako jauregi itxurako eraikuntza hau, nahiko hondatuta dago aspalditik. Teilatua lau isurikoa da eta bi fatxada ditu hagitz estilo desberdinetan eginak. Fatxada batean, zurezko egitura ikusten da eta balkoi eder baten aztarna. Bertze fatxadak, harrizko lan bereziak ditu; horien artean, ekialdeko leiho okerra eta Onin erreka gainera irteten den komuna.

Barruan, ikusgarria da teilatu azpiko zurezko egitura. Hainbat lekutako arkitektoak etorri izan dira lan hau aztertzera.

Ganbara hori ezaguna da pelikula baten pasarteak bertan grabatu zirelako: Orson Wellsen “Campanadas a media noche” hain zuzen.

Eraikuntza hau egin zuen arkitektoak, bere burua eskaini zuen Lesakako eliza eraikitzen bukatzeko, baina herriko agintariak ez zuten bere eskaintza onartu.

Arkitektoak orduan, Bordienea eraikitzerakoan, bi kupula erdi egin zituen, bat harrizko komunaren gaineko aldean eta bertzea, bide aldeko paretan. Lan hauekin adierazi nahi izan zuen herritarrak ez onartu arren, bazuela gaitasuna eliza bat eraikitzeko.

ENTZUN BORDIENEA.mp3

 

ONIN ERREKA INGURUKO ETXEAK

Julio Caro Barojak dionez, Eskol Ttiki izeneko leku honetatik begiratuz, aurkitzen ahal ditugu Lesakan dauden estilo arkitektoniko guztiak. Ehun metroko espazioan bortz mendetako etxeak ikus daitezke:

XV mendeko Zabaleta dorrea, XVI mendeko Mikelenea edo Etxezarrea, XVII mendeko Juanederrenea, XVIII mendeko Eskol Ttiki eta XIX mendeko Alondegia.

Gure aitzinean ikusten duguna Mikelainea edo Etxezarrea da.

Hau da Lesakako etxerik zaharrena, 1541ean egina. Eskoltxiki honen inguruan, harizti bat zegoen garai haietan eta handik hartutako zura erabili omen zuten etxe hau egiteko.

Onin erreka bazterrean, aurrerago , botharria dago, Laxoa jokoan sakea egiterakoan, pilotak botea emateko harria. Hurrengo botharria plazan zegoen, oraingo okindegiaren aitzinean.

ENTZUN ERREKA INGURUKO ETXEAK.mp3

 

SAN MARTIN ELIZA

San Martin de Tours izeneko eliza hau XVI, XVII eta XVIII mendeetan zehar eraiki zuten.

1561ean hasitako lanetan antzinako eliza zabaldu zuten baina 1632an ohartu ziren eliza guztia berreraiki behar zutela. Lanak aunitz luzatu ziren; obraren amaitze data ikusten ahal dugu sarreraren sabaian; honela dio: “ME COLOCARON AÑO/DE mil setecientos treinta y seis.”

Nahiz eta zatika eta hainbertze denboran zehar egina egon, ez da hori nabaritzen, eraikitzeko moduan estilo batasun bat mantendu zelako.

San Martin, elizari izena ematen dion santua, eskuin aldeko atean dago zaldi gainean irudikatua. Ate honen gainean ere Trinitate Santua agertzen da, hamaseigarren mendeko Trentoko Kontzilioan irudikatzea debekatu bazuten ere.

Eliza honen barruko aldea ikusgarria da, erretaula orduko artista ezaguna zen Tomas de Jauregi gipuzkoarrak egina da. Hagitz ederra da ere, Luis Salvador y Carmonak irudigile ospetsuak egindako Ama Birjinaren irudia. Guztia 1754 an amaitu zuten eta, Juan de Barrenetxea y Agirre lesakarrak Guatemalatik bidalitako diruarekin ordaindu zen.

ENTZUN SAN MARTIN ELIZA.mp3

 

ZABALETA DORREA

Dorre hau Lesakako eraikuntza zaharrenetako bat da, XV garren mendean eraiki zuten mugako liskarretan erreta desagertu zen antzinako dorre zaharraren ordez. Gaztelu osoa hagitz ongi kontserbatua dago, bere pareta lodi sendoekin; nabarmenak dira goian, eraikuntzaren lau paretak inguratuz, agertzen diren gaztelu begiak.

Hortaz gain, duela gutxi moldatze lanak egin dituzte eraikuntzan eta aspaldian zeukan itxura bera berreskuratu du.

Erdi Aroan, Zabaleta Nafarroako erresumaren mugak babesten zituzten defentsa dorreetako bat zen. Gipuzkoako lurrak Gaztelako erregearen esku zeuden aspaldidanik eta gatazkak etengabeak ziren muga inguru hauetan.

1444 garren urtean, borroka horietako baten ondorioz sortutako suteak herri guztia erre zuen, eta antzinako dorrea suntsitua gelditu zen .

Juan II, Nafarroako erregeak, bere zerbitzuak eskertu zizkion dorreko nagusia zen Ochoa Lopez de Zabaletari dirua emanez dorretxea berreraikitzeko.

Gerora, 1808 an gertatutako Frantziaren aurkako gerran, Napoleonen zenbait gudarik bertan hartu zuten ostatu.

1813 an , ordea, frantsesen aurka borrokatu zuten soldadu espainiar, ingeles eta portugaldarrak egon ziren dorrean. Wellington dukea zen guztien buruzagi eta Lesakatik zuzendu zituen San Martzialeko bataila eta Abuztuaren hogeita hamaikako Donostiaren suntsiketa.

ENTZUN ZABALETA DORREA.mp3



Hurrengo ekitaldiak

Babesleak Artea Oinez proiektuaren mezenas izan nahi dut

Facebooken jarraitu

Twitteren jarraitu