euskara | castellano Facebook

Albisteak

Oinez Gailurra, mendizaletasuna eta euskara uztartzen dituen ekimena
2017ko uztailaren 3a, astelehena

Euskaltzaleok, Nafarroa Oinezen azken hiru edizioak antolatu dituzten Zangozako Ikastola, Baztan Ikastola eta Erentzun eta Ibaialde Ikastolen eskutik Oinez Gailurra proiektuarekin gozatzeko aukera izan dugu.

Tarte honetan, Oinez Gailurra ekimenari lotuta, 337 gailur eta 5 ibilbide babestu dira munduan barna euskara eta ikastolen alde. Munduan barna bai, ekimena Nafarroan jaiotakoa bada ere euskararen aldeko ekimen honetan Euskal Herritik kanpoko mendi gailur ugari babestu baitira, esate baterako, Mexikoko Citlaltépetl sumendia, Austriako Wildspitze mendia edo Greziako Olimpo mendia.

Ekimena Zangozako guraso talde baten eskutik sortua da. Euskara mendizaletasunarekin uztartzea otu zitzaien, gure kulturan horren erroturik dagoen mendi-ohiturarekin alegia, eta bistan da proiektuarekin asmatu egin zutela.

Asko eta asko izan dira gailurrerako bidean lagun izan ditugunak, batzuek proiektua garatzen lagunduz, Juan Mari Feliu mendigoizale eta idazlea eta Gregorio Ariz mendigoizalea, besteak beste, beste batzuek babesa emanez, hala proiektuaren finantziazioan lagunduz, nola mendi gailur eta ibilbideak babestuz. Lerro hauen bitartez, Nafarroako ikastolen izenean, guzti-guztiak bihotzez eskertu nahi ditugu.

Aurtengo Nafarroa Oinez jaia antolatzea Lesakako Tantirumairu Ikastola osatzen dugunoi egokitu zaigu eta halako ardura izan duten aurreko ikastolen modura, guk ere gogoz eta ilusioz eutsi diogu Oinez Gailurra ekimenari. Gure inguruneak mendian barna ibiltzeko aukera paregabea eskaintzen du, eta hau honela izanik, ibilbide berriak txertatu ditugu aukeren artean. Ez dago esan beharrik beso zabalik hartuko ditugula gurera hurbiltzen diren lagunak. Nolanahi, Nafarroan, Euskal Herrian edo munduan barna dabilen orori luzatu nahi diogu ekimenean gurekin bat egin dezan.

Animatu! Zatozte gurekin mendian goiti!
 

« itzuli