2021/03/29

 

Beste urte batez, Nafarroako Ikastolek, Nafarroa Oinez proiektuaren bitartez eta artista ugariren lankidetzari esker abangoardiako kultura eta artearen aldeko apustua egin dute. Artista horien gogo eta eskuzabaltasunak Artea Oinez erakusketaren edizio berri bat ahalbidetu du.

Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasun Saileko zuzendari Jorge Urdánozek, Nafarroa Oinez 2021 antolatzen duen Lizarra Ikastolako zuzendari Josu Sueskun Cabasések eta Nafarroako Ikastolen Federazioko zuzendari eta erakusketaren komisario Josu Reparaz Leizak aurkeztu zuten Kondestable Jauregian apirilaren 28ra arte egongo den erakusketa.

Egunerokoa eta haren garrantzia dira aurtengo erakusketaren ardatz nagusiak. 85 artisten ehun obra baino gehiago biltzen ditu erakusketak. Artisten artean 36 nafarrak dira eta harietatik erdiak emakumezkoak. 2021eko edizioan 11 sinadura berri gehitu dira, horietatik 7 emakume artistenak.

Josu Sueskunek "artistek euren obrekin transmititu nahi izan digutenaz soseguz gozatzeko" gonbita egin zion publikoari, "pribilegiotzat" jotzen baitu sorkuntza horietara hurbiltzeko aukera, "gure zentzumenak suspertzen, hezkuntza garatzen eta irudimena elikatzen dutelako".

Erakusketaren bidez, edizio bakoitzean artista bat omentzen da. Aurten, lorea Alfaro García aukeratu da, artista eta EHU-ko irakaslea eta Lizarra Ikastolako ikasle ohia, Artea Oinezen historian omendu diren sortzaile guztien artean gazteena.

Maiatzetik aurrera Lizarrako Gustavo de Maeztu Museoan ere ikusgai izango da erakusketa.



Itzuli
Artea oinez 2021ek ateak ireki ditu kondestablearen Jauregian Artea oinez 2021ek ateak ireki ditu kondestablearen Jauregian

Hurrengo ekitaldiak