2021/01/21

Lizarrako Nafarroa Oinezek aurrera egingo du

LIZARRA – Lizarra Ikastola osatzen dugun komunitateak 2019ko urriaren 20an hartu genuen Nafarroa Oinezen lekukoa Argia Ikastolaren eskutik. Nekez imajina genezakeen orduan 2020 urteak ekarriko zuena, programatutako jarduera programaren etena, Oinez eguna bertan behera utzi beharra baina ikastolek egin duten ibilbidean, zorionez edo zoritxarrez, oztopoak beti izan dira presente eta oraingoan ere, betiko modura, hortzak estutu eta aurrera egin dugu. Aurtengo egoera berezi eta larriari ahal izan dugun modurik egokienean eman diogu irteera baina gure jatorrizko asmoei uko egin gabe. Hau dela eta, 2021. urteko edizioari begira ari gara lanean.

Txio, Pio, Susu, Muxu eta Ur ditugu ibilbide berri honetan lagun. Lizarraldeko herri eta kultura aniztasunaren isla dira eta Nafarroa Oinezen leloaren bitartez zabaldu nahi dugun mezua hedatzen lagunduko gaituzte, Hegan Oinez.

NAFARROA OINEZ 2021 LELOA 

Lizarra Ikastolan txorien antzera ekin genion gure ibilbideari, oskola hautsi, oinez ikasi eta indarrak eskuratutakoan, hegan egin nahi dugu. Egan, etorkizunera hegan. 50 urtez euskara lau haizetara zabaltzen, tinko eta irmo, gaur, ausart, Ongi etorri esan nahi diogu etorkizunari.

Non? Nafarroan. Gure ama hizkuntza, lingua navarrorum, gutxietsi eta zapaldu den munduko txoko honetan. Lizarran, euskaldunon historian horrenbeste orrialde idatzi dituen herrian.

Eta nola ez, Euskaraz, uskaraz, euskeraz, eskuaraz esateko modu ezberdin ugari baina bihotzean uler-tzeko modu bakarra. Maitasunez. Baina maitasuna baino ederragoa da norbaitekin konpartitzen badugu. Zu, ni, elkarrekin.

LIZARRA IKASTOLA 1970-2020 

50 urteetan pausorik pauso bidea egin dugu, Lizarran euskaraz bai, bizi eta hazi gara, eta orain abiadura hartu eta hurrengo 50 urteetarako hegan egin nahi dugu. Ega inguruan hegan, igerian Egan, baina beti ere oinez. Errealitatearekin bat, oinak lurrean sendo, mugarik gabe hegan eginez!

Nola egin nahi dugu bide hau? Txorien eta arrainen antzera... Oskola hautsi, hasieran oinez ikasi, eta indarrak hartutakoan, hegan. Egan, etorkizunera hegan. Hodei guztien azpitik, sasi guztien gainetik lau haizetara euskara zabaltzen.

Txoriak gure ikur, Ega bizkar hezur, arrainaren etxea herriaren lur.

Tantaz tanta sortzen den ur emaria ibai bilakatua, gure bizimodua bertan errotua, elkarrekin txori eta arrain. Denak ez baikara berdinak. Gure Txio, Pio, Susu, Muxu eta Ur aniztasun horren lekuko.
 

NAFARROA OINEZ 2020-2021 

Urte bateko ospakizuna biko bilakatu da. Berezia zena bereziago da orain, irribarrea ikusezin bihurtzeraino. Egoera berrira egokitu behar izan dugu, gure arbasoek egin behar izan zuten bezala. Haien indarraz ausart, ongietorria egin nahi diogu etorkizunerako bidelagun orori, berriz irribarrea ikusgarri egin arte.

Ikastola gara, bere handitasunean zein txikitasunean. Biak gara, handi zein txiki. Bertako zein kanpoko. Hegalari zein igerilari. Txori zein arrain. Denak beharrezkoak. Gure txikiei erakutsiz, elkarrekin, ezina ekinez egiten dela.

Nafarroako txoko batean, mendiz inguratua, ibaiaren ertzean errotua, hemen dago Lizarra. Bertako txoriek eta arrainek euskara darabilte, belarrietan aurrena, ahoan gero, bihotzean beti. Maitasunez guztiek. Eta maitasuna, hitza bezala, ederragoa da partekatuz gero. Zu eta ni, gu, elkarrekin.

Hemendik aurrera Nafarroa Oinez 2021ak bulkada berri bat hartuko du. 2020. urteari agur esan ondoren, orain urtebete denon artean hasi genuena amaitzeko prest gaude. Ilusioa galdu gabe, ahaleginak eta konpromisoak berrituta.

Euskararekiko eta euskalduntzearekiko dugun konpromisoa Estellerrian eta Nafarroan oro har, ikastolak inoiz baino gehiago euskal hizkuntzaren eta kulturaren hauspoa izan behar duen une latz hauetan.

Kooperatibismoarekiko eta gizarte-lanarekiko dugun konpromisoa, auzolanaren eredu hain gureari eutsiz. Gure ikastola guztiontzako irekia den espazio solidario bat bihurtuz, zerbitzu publikoa izateko bokazioarekin, gure ingurugiroarekiko jarrera irekiarekin eta gainerako gizarte-eragileekin etengabeko harremanean.

Etorkizunarekin dugun konpromisoa, belaunaldi berriei begira. Gure haur-eskolari, eskolatzearen lehen urte garrantzitsu horietan ikastolara sartzeko gunea denari, egungo betebehar eta eskakizunetara egoki-tzeko tresnarik onenak emanez,.

Eta jasangarritasunarekin eta ingurumenarekin dugun konpromisoa, ikuspegi zabalarekin, gure ingurunea errespetatuz. Ingurumena zain-tzearekin lotutako sentsibilizazioan eta formakuntza-estrategien garapenean aurrera egingo duen ikastola jasangarriago bat sortuz.

Horregatik, sekula baino beharrezkoagoa da Nafarroa Oinez 2021 ospatzea. Gure balioak berretsiko dituen ekitaldi honek hiriko elkarte-sarearekin harremanak areago-tzeko aukera emango digu, eta errealitate oso aldakorrera egoki-tzeko prest dagoela erakutsi duen hezkuntza-proiektua sendotuko du. Gure balioek indarrean jarraitzen dutela eta gaurkotasun osoa dutela sinetsita.

Egoerak eta zailtasunak gorabehera, baikortasunez eta ilusioz betetako urte berri bati ekingo diogu. Eraiki dezagun etorkizuna. Egin dezagun oinez, igeri edo hegan. Egin dezagun elkarrekin Hegan oinez.



Itzuli

Hurrengo ekitaldiak