2020/02/21

Garean Euskaldunon Elkartea Lizarra eta Estellerriko euskararen aldeko elkartea da. 2007an eratua, euskararen normalizazioa du xede nagusia, eta horretarako erabilera sustatuko duten eremu-jarduera elebakarrak sortzea eta euskal hiztunen komunitatea handitu eta trinkotzea.

Elkarteak egindako ibilbidean zehar asko eta asko izan dira gauzatu dituen ekimenak: Txokolipuinak, Kultur Errota, Kotarro hedabideak, Lizarran Kantuz, Garean Jai-Alai, Irakurri, Gozatu Oparitu, Irakurle Kluba, Mitzakide... Azkena Oteitzako herriak hartu zuen Bizi Dantza ikuskizuna. Irabazi asmorik gabeko Elkarteak euskara eta euskal kultura sustatzeko bokazioari jarraiki, ikuskizunaren bitartez eskuratutako irabaziak banatuko ditu. Batetik, Remontival ikastetxeko D ereduak 25 urte betetzen ditu aurten; Lizarra Ikastolan ere gure 50. urteurrena ospatuko dugu aurten eta, horretaz gain, 2020ko Nafarroa Oinez antolatzen dihardugu. Bestetik, azken herena eskualdeko Irriherri Elkarte senideari luzatuko dio Gareanek Oteitzan Euskararen Eguna antolatzeko, eta hala ez balitz, euskararen alde egiten duen lanarekin jarrai dezaten.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldian ikusi ahal izan genuen pozak eta tristurak azaltzeko dantzatzen garela, barruak agintzen digunean dantzatzen garela. Lizarra Ikastolan pozaren ondorioz ari gara dantzan. Arestian aipaturiko ospakizunez gain, konpromisoak,  elkartasunak eta auzolanak ematen digu hauspo.

Lizarra Ikastola osatzen dugunon izenean, gure eskerrik beroena helarazi nahi diogu Garean Elkarteari ikastolarekin izandako keinuarengatik eta euskara eta euskal kulturaren alde egiten duen lan itzelarengatik. Bejondeizuela!



Itzuli
ESKERRIK ASKO GAREAN!!! ESKERRIK ASKO GAREAN!!!

Hurrengo ekitaldiak