2018/11/07

Argia Ikastolaren historia 1984an hasi zen; zehazki, azaroaren 5ean, bost neska-mutil eskolak euskaraz jasotzen hasi zirenean Beterri peñako lokaletan. Guraso talde baten ekimenari eta ahaleginari esker abiatu zen, haiek egin baitzuten apustua Erriberan aitzindaria zen hezkuntza proiektu euskaldun eta kooperatiba izaerakoaren alde.

2000. urtean hazten jarraitzen genuen, eta ikastetxea handitzeko lanak egin genituen; bigarren solairuan kokatu genituen Lehen Hezkuntzako hainbat gela eta Bigarren Hezkuntzakoak.

2006an, negoziazio luzeen ondoren, Argia Ikastola legalizatu zen, abenduaren 15eko 18/1986 Euskararen Foru Legeak, ez-euskalduna izendatzen duen eremuan dauden beste ikastolen legalizazioarekin batera. Une hartara arte, legez kanpoko ikastetxe bat izateak dituen kalte guztiak jasan behar izan genituen. 2006ko urriaren 13an Nafarroako Gobernuak bere itun erregimenean sartu zuen gure ikastola. Behin betikoz Fontellaseko Argia Ikastolaren irekiera eta funtzionamendua baimendu zituen eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntzako zikloa eman genitzakeen. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zikloa ere baimendu zen, baina salbuespenezko eta aldi baterako izaerarekin, Heziketa Fisikoa emateko kiroldegi bat edukitzea ezinbesteko baldintza baitzen.

Hain muga zabalak izatea abantaila den arren, halako zenbaki handiekin ez zaigu ahazten gure sustraiak Nafarroako Erriberan daudela. Herri askotako ikasleak jasotzen ditugu (Tutera, Fontellas, Cintruenigo, Corella, Cascante, Murchante, Alesbes, Cadreita, Arguedas, Castejon, Buñuel, Cortes, Ribaforada...) eta gure familiek herri horietako bizitza sozial eta kulturalean parte hartzen dute, gero eta aberatsago eta pluralago eginez.

Nafarroa Oinezek bultzada ekonomikoa emango digu eta, bultzada horri esker, Argia Ikastolak lanean jarraitu ahal izango du bere kooperatiba ereduan oinarrituz hezkuntza proiektua eta aldi berean soziokulturala den proiektua garatuz, xede taldetzat Erriberako gizartea duena.

Aukera ematen digu lanean jarraitzeko gure hezkuntza-eskaintza ireki, irisgarri eta berritzailearen garapen eta hedapenera zuzenduta dauden proiektu eta jardunbideetan.

Euskara normalizatzen jarraitzen dugu “ez-euskaldun” izendapena duen zonalde batean, non gero eta gehiago diren hizkuntza hori ezagutzen eta egunerokoan erabiltzen dutenak.

Berrikuntza pedagogikoa da ikastola proiektuaren oinarrietako bat.

Momentu honetan, marko pedagogiko berriaren ezarpenera bideratzen ari gara gure ahalegina. Gizakiak bere izaerari estuki lotuta ditu berezko ezaugarri jakin batzuk. Ezaugarri horiek ezagutzeak eta errespetatzeak ahalbidetzen du baldintza batzuk ezartzea, etorkizunean helduak izango diren horiek konfiantzatik abiatuz gara daitezen, eta ikasketa positiboko bidea has dezaten.

GOIBURUA

IZAN ARGI da Nafarroa Oinez 2019ren goiburua!!

Hitz-joko horrekin deskribatu nahi izan dugu zein den gure ikastolak bizi duen momentua, bai gure hizkuntzaren garapenaren testuinguruan, bai jomugan dugun marko pedagogikoaren aurrean.

IZAN da Ikastolen Elkarteak marko pedagogiko honi eman dion izena.

ARGIA gure ikastola da.

Euskara eta Ikastola dira goiburuaren ardatzak.

Euskara delako gure hizkuntza eta gure kulturaren zutabea, eta Ikastola delako gure hezkuntza eredua. Argia Ikastolak eta bere esperientzia luzeak kalitatezkoa eta euskalduna den hezkuntza eredua bermatzen du. “Izan argi!”

Izan ere, Argian, euskara eta euskal kultura lantzen eta indartzen ditugu, eta horrekin batera, beste hizkuntzak eta kulturak ere bai, elementu positibotzat ditugulako eta ikasle eleanitzak hezi nahi ditugulako.

LOGOA

Eguzkitik abiatzen gara; Argia Ikastolan jaio eta Tutera eta Erribera osoa hartzen ditu bere barne.

Etorkizunera begirako norabidea zehazten dugu, non gure hizkuntza helburu dugun hezkuntza markoaren oinarria izango den.

Gure zonaldeak duen aniztasun berezia kontuan hartuta, elkar ezagutzeko eta onartzeko, gure ondoan eta gurekin bizitzen ditugun askotariko sentsibilitateetara hurbiltzeko, eta Ikastolako komunitate osoa eta bere ingurua aberasteko aukera bezala.

Hori guztia gure Nafarroa Oinez proiektuan kokatuta, Nafarroan Ikastolaren hezkuntza proposamena egotearen eta irautearen, eta euskararen finkapenaren sinbolo gisa.

Goiburuaren eta logoaren egilea: Maite Elias Uria. Azkoitia, Gipuzkoa. Marketin-talde baten profesionala, enpresen irudi korporatiboetan esperientziaduna eta ikastolen jaietako logoetan, Korrikako logoetan,...

Argia Ikastolako komunitateak nahi du NAFARROA OINEZ 2019 Erriberako jende guztiaren festa izatea, eta proiektuak ematen duen oihartzuna Erribera markarentzat erakusleiho izatea. Besoak zabalik hartuko ditugu Oinezen antolakuntzan eta garapenean lagundu nahi duten guztiak. Proiektuaren izaera ibiltariak edizio bakoitza antolatzen duen ikastolaren idiosinkrasia eta bere ingurua errespetatzea ahalbidetzen du. Azken batean, lurralde bakoitzera eta haietan engaiatzen diren pertsonetara egokitzen den proiektua da.
 

Itzuli
Nafarroa Oineza, 2019an Tuteran Nafarroa Oineza, 2019an Tuteran

Hurrengo ekitaldiak