Tantirumairu Ikastola - Lesaka Nafarroako Ikastolen Elkartea

2017/08/28

Lesakako Tantirumairu Ikastolak Nafarroa Oinez-en harira urte osoan antolatzen ari den jarduera egitarauaren baitan, Trenbide(o)a Bideo Sormen sariketa antolatu du irailaren 1etik 3ra. Izenak dioen bezala, Bidasoko Trenbide zaharrari buruzko bideo lanak aurkeztu beharko dituzte partaideek.

Irailaren 1ean, ortziralean, arratsaldeko 6etan izena eman beharko da Tantirumairu ikastolan eta bertan landu beharreko gaia eta jarraitu beharreko arauak azalduko dira. Irailaren 3an, igande arratsaldeko 6etan lanak jasoko dira Tantirumairu ikastolan.

12 urtetik goitikoek parte hartzen ahal dute sariketan, gehienez ere bortz laguneko taldetan eta gehienez ere 5 minutuko lanak aurkeztuko dituzte. Antolatzaileak ez dira trenbidera egin beharreko desplazamenduen kargu eginen, eta jasotako lanak partekatzeko eskubidea izanen dute, baita beharrezkoak diren aldaketak egiteko eskubidea ere.

Sariei dagokienez, lehenbiziko bi taldeentzat Igantziko Irrisarri Land Abentura Parkerako sarrerak izanen dira eta gainerako partaideen artean sari gehiago zozketatuko dituzte. Hain zuzen, Irrisarri Land-ek, Larrungo Trenak, Ordoki Zalditegiak, Azpeitiako Trenaren Museoak eta Arditurriko Meatzeak lagundu diote Tantirumairu Ikastolari ekimen hau antolatzen.


Lanen aurkezpena, sari banaketa eta irlandarrekin topaketa

Lanen aurkezpena eta sari banaketa irailaren 9an eginen dute Berako Labiaga Ikastolan, baina ez da sari banaketa ekitaldi soila izanen. Nafarroa Oinezen baitan egiten den Txikiak Handi ekimena ere aurkeztuko dute, Euskal Herria-Eire Topaketa eginez.

Egun horretan, 09:00etan mendi ibilaldia eginen da Lesaka eta Bera artean, oraingoan ere Bidasoko trenbidetik pasata. Horrela, 11:30ean San Migel zubian irlandarrei ongi etorria eskainiko zaie, txalaparta eta tobera soinuekin lagunduta. Txistulari eta trikitilarien laguntzaz Berara joanen dira kalejiran eta 13:00etan Trenbide(o)a bideo lanen aurkezpena eta sari banaketa eginen dute Labiaga Ikastolan. Amaitzeko, 14:30ean kantu bazkaria antolatu dute Altzateko frontoian. Bazkaria baino lehen Txikiak Handi manifestua irakurriko da euskaraz eta gaelikoz eta sinatuko dute. Bazkariaren ondotik bertako kantuak izanen dira Kuxkuxtu fanfarrearekin, baita Irlandakoak ere, bisitan etorri zaizkigun lagunekin.

Bazkarirako txartelak Berako Puri-Enean eta Izarra okindegian daude salgai. Irailaren 1etik aitzinera, Labiaga eta Tantirumairu ikastoletan ere eros daitezke.

Itzuli
Trenbide(o)a Bideo Sormen sariketa antolatu du Nafarroa Oinezek irailaren hasieran

Hurrengo ekitaldiak

Facebooken jarraitu

Twitteren jarraitu