Tantirumairu Ikastola - Lesaka Nafarroako Ikastolen Elkartea

2017/07/04

Berrikuntzak dakartza aurtengo Oinez Basoak. Heldu den urriaren 15ean Lesakan Nafarroa Oinez ospatuko duen Tantirumairu Ikastolak bere ekarpena egin nahi dio orain dela zazpi urte Nafarroa Oinezen baitan sortu zen ekimenari. Eremu komunalean eginen da baso berria, Frain mendiko Ziobi inguruko 10 hektareatan, 2015eko abenduan suak kiskalitako eremuan eta, hortaz, lesakar guztiena izanen da Oinez Basoa. 11.000 zuhaitz landatuko direla kalkulatzen da, orain arteko Oinez Basorik handienean. Datozen asteetan sinatuko dute hitzarmena Lesakako Udalak, Tantirumairu Ikastolak eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak.

Tantirumairu Ikastolarena Nafarroa Oinezek sortuko duen zazpigarren basoa izanen da, 2010ean Oinez Basoa abian paratu zenetik. Oinez ospakizunak ingurumenean kalte ekologikoak eragiten zituela ikusita sortu zen egitasmoa abiatzeko ideia. Izan ere, baliabide naturalak kontsumitu, hondakinak sortu eta berotegi efektuko gasak isurtzen baititu bestak. Kalte ekologikoa orekatzeko asmoz, besta ospatzen zen tokian ingurumenarendako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: naturgune autoktonoa birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa hain zuzen.

Erabaki hori hartu zenetik gaur egun arte, sei baso ezberdin sortu ditu Oinez Basoak: mendebaldeko baso bat Arbizun, baso mediterraneo bat Tafallan, ibaiertzeko baso bat Tuteran, baso jangarria, hegazti basoa eta zabortegi eremua berreskuratzeko basoa Zangozan; bertako pagolizarra eta erramu portugaldarra dituen basoa Baztanen; eta, azkena, Biana eta Lodosako ikastolen eskutik, Andosillan eta Sartagudan egin dena. Denera, espezie ezberdineko 36.000 zuhaitz landatu dira dagoeneko Oinez Basoa ekimenaren baitan.

Baso horien landaketaren haritik ikasgeletan ingurumenaren zaintza eta errespetua bultzatzeko unitate didaktikoak sortu dira eta, UPNArekin elkarlanean, Oinez Basoaren ekarpenak aztertzeko ikerketa lana paratu da martxan, bertze ekintza batzuen artean. Tantirumairu Ikastolarena izanen da landatuko den hurrengo Oinez Basoa. Eta zazpigarren baso honek ere bere ekarpen bereziak eginen ditu. 2015eko abenduan erre zen Frain inguruan izanen da Oinez Basoa egiteko aukera eta Lesakako Udalak eta Tantirumairu ikastolak horretarako hitzarmena sinatuko dute datozen asteetan. Hortaz, antolaketa komunala izanen du ezaugarri. Lesakar guztiena izanen da basoa eta guztien artean landatua, auzolanean, Tantirumairu Ikastolak egin ohi duen bezala.

 

www.oinezbasoa.eus webgunea, modernoa eta erabilerraza

Webguneak berak (www.oinezbasoa.eus) diseinu modernoa du, eta itxura atseginekoa eta erabilerraza da. Interneti eta sare sozialei ahalik eta probetxurik handiena ateratzen saiatzeko bideratua dago. Bi hizkuntzatan eskuragarri dago (euskaraz eta gaztelaniaz) eta askotariko euskarrietara egokitua du diseinua; hau da, telefono, tablet zein ordenagailu bidez bistaratzen ahal da behar bezala.

Itzuli
11.000 zuhaitz landatuko dituzte Fraingo Ziobi inguruan, Oinez Basoa ekimenaren baitan

Hurrengo ekitaldiak

Facebooken jarraitu

Twitteren jarraitu