Tantirumairu Ikastola - Lesaka Nafarroako Ikastolen Elkartea

2017/06/23

“Udako arroparekin Bat in, eta San Ferminetan ere Bikin bat in!’ goiburupean, udari eta San Ferminei begira atera duen arropa eta material bildumaren aurkezpena egin du Nafarroa Oinezek ekainaren 22an Iruñeko Nafarroa Oinez dendan (San Anton kalea, 24). Ekitaldian izan dira Oier Sanjurjo, Osasuna futbol taldeko jokalari eta kapitaina; Abel Barriola, berriki profesional izateari utzi dion pilotari leitzarra eta Anabel Arraiza aktore eta abeslaria, bakoitza bere arloan eredu izateaz gain, euskararen inguruko gaietan laguntzeko prest aldioro agertzen direnak.

Udarekin batera, Tantirumairu ikastolak Lesakan antolatuko duen Nafarroa Oinez eguna ere (urriaren 15a) gero eta hurbilago dago. Ospakizun hau antolatzeko hainbat lan-talde lanean ari dira, 13 batzordetan banatuak eta orain, udarako eta Iruñea nahiz Lesakako Sanferminetarako arropa berria aurkeztu dute. Aitor Iratzoki, Nafarroa Oinezeko zuzendariak aipatu duenez, “urtebete pasatxo daramagu buru belarri auzolanean eta urriak 15a ere hurbiltzen ari zaigu. Urte lanpetua baina zirraragarria bizitzen ari gara. Tartean hainbat ekitaldi burutu ditugu eta, orain mimo handiz diseinaturiko udarako arropa berria eta sanferminetarako sorturikoa aurkeztu dugu. Xuri-gorriz jantziko zaizkigu uztail hasieran Iruñea nahiz Lesaka eta alaitasunez ospatuko ditugu bestak. Euskal Herriko jende anitz hurbiltzen da gurera eta mundu mailakoa hiriburura. Zer hoberik Nafarroa Oinezeko kamisetak jantziz bestaratzen direnei ikastolak ezagutzera ematea baino? Euskaraz biziko ditugu sanferminak”.

Itzuli
Anabel Arraizak, Abel Barriolak eta Oier Sanjurjojk Nafarroa Oinezeko arropa berria aurkeztu dute

Facebooken jarraitu

Twitteren jarraitu