Tantirumairu Ikastola - Lesaka Nafarroako Ikastolen Elkartea

2017/04/12

Ohikoa den bezala, Fundazioak Erentzungo Eskortak saria entregatu zuen, aurten auzolana aitzakiatzat hartuta, azken 12 urteetan Oinez eguneko arroza prestatu duen taldeari eman ziolarik, Benignoren taldeari hain zuzen.

Benigno Mendiak, Altsasuko Iñigo Aritza Ikastolako guraso, 2005eko Nafarroa Oinezean jarri zuen abian taldea eta orduz geroztik ospatu diren Nafarroa Oinez egunetan taldeak ez du hutsik egin. Vianan bi bider izan dira, 2007an eta iaz.

2015ko urrian, Baztanek bere Oineza ospatu baino astebete lehenago, utzi gintuen Benignok. Hasiera batean taldeak aurrera egiteko indarrik ez zuela eta, bazkaria bertan behera uztea pentsatu zen, baina Benignoren nahia ekimenari eustea izango zela kontuan hartuta, taldeak aurre egin zion erronkari eta aldez aurretik hartutako konpromisoari eutsi.

Iaz, esan bezala, bigarren aldiz izan ziren Vianan eta jantokia Benigno Mendia izenaz bataiatu zen. Hala izanen da aurrerantzean.

Datorren urriaren 15ean berriro ere Lesakara bidaiatuko du taldeak, eta ohi bezala, isiltasunean heldu, sekulako lana egin eta heldu bezain isil alde egingo dute.

Euskara eta ikastolekiko erakutsitako konpromisoa eta batik bat, auzolana bizi filosofiatzat dutelako, nahi izan du Erentzun Fundazioak haien lana eta kemena aitortu.

Itzuli
Erentzun Fundazioak Benigno Mendiaren taldea saritu du

Facebooken jarraitu

Twitteren jarraitu