eus | cas
Babestutako zuhaitzak: 309

Albisteak

2018 UZT 1

Zuhaitzak landatu, etorkizuna erein

Nafarroa Oinez 1981az geroztik urtero ospatzen den euskaldunon jaia da eta, horri esker, Nafarroako ikastolek laguntza jasotzen dute beharrezkoak dituzten berrikuntzen kostuari aurre egiteko. Euskara eta euskal kultura uztartzen dituen ekimen honen bitartez, milaka eta milaka pertsona biltzen dira urtero hitzordu saihestezin honetan. Egun polita eta gogoangarria da zinez, baina, maila horretako ekitaldietan gertatu bezala, ez da txikia naturan duen inpaktua. Eta ez bakarrik bertaratutakoen ibilgailu kopuruagatik. Honezkero entzungo zenuen guk geuk ere karbono dioxidoa askatzen dugula arnasterakoan, ezta?

Karbono dioxidoa (CO2) karbonoz eta oxigenoz osatutako gas bat da, biziarentzat funtsezkoa. Oso garrantzitsua da, izan ere, horri esker, atmosferak Lurrera iristen den eguzkiaren beroa gordetzen du, Lurreko tenperatura konstante mantenduz. Fenomeno horri Berotegi-efektua deritzo, hain zuzen ere berotegi baten moduan jokatzen duelako: Lurra berotzen du eta gauez izoztea saihesten. Horri esker, ura egoera likidoan mantentzen da eta bizia ahalbidetzen da Lurrean. Gaur egun, gizakion jarduerek horrenbeste CO2 isurtzen dute atmosferara -batez ere erregai fosilen erabileragatik, bereziki petrolioa eta gasa-, ezen CO2 kantitatea izugarri handitu den, horrek dakarren ondorioarekin: Lurra behar baino gehiago berotzen ari da eta Berotze Globala abiarazi da.

Baldintza normaletan, Lurrak baditu autoerregulaziorako mekanismoak, izan ere natura oso jakintsua da, teorian behar adina CO2 izateko gai baita. Hemen, landareek oinarrizko funtzioa betetzen dute: batik bat, atmosferan dagoen CO2 hartu, eta fotosintesiaren bidez, materia organikoa sortzen dute, gainerako bizidunontzat elikagai dena. Konposatu kimiko honen osagaia den karbonoak bidaia luzea egiten du biosferan zehar, Karbonoaren Zikloa deritzon prozesu baten bitartez. Animalia belarjaleek landareak jatean karbonoa eskuratzen dute, eta haragijaleei pasatzen diete horiek belarjaleak jatean. Horrela, karbonoak aurrera egiten du elikatze-katean zehar bizidunak hiltzen diren arte, eta horiek deskonposatzean, lurzorura itzultzen da, berriro erabilia izateko.

Esan bezala, beraz, landareak protagonista nagusiak dira atmosferako CO2 garbitzen. Hori horrela izanik, ulertzekoa da zenbateraino kaltetzen gaituen gizakiak bere interesengatik basoak suntsitzen dituenean. Gure jarduerekin, gure planeta gaixoa kutsatzeaz gain, birikak mozten ari gatzaizkio.

Ildo honetatik jaio zen Oinez Basoa proiektua, 2008. urtean Nafarroako Ikastolen Elkarteak, ingurumena babesteko asmoz Oinez Basoa ekimena abiarazi zuenean. Xedetzat du Nafarroa Oinezen lekuko izandako baso jaioberriak hurrengo belaunaldiei oinordetzan uztea. Gaur egun zazpi baso landatu dira Nafarroa osoan, hain zuzen ere Arbizun, Tafallan, Tuteran, Zangozan, Baztanen, Sartagudan eta Andosillan eta Lesakan.

Tafallan, Zidakosen hirian, 7.400 zuhaitz landatu ziren nekazaritzarako erabilitako lursail batean. 2011. urteaz geroztik hazten ari dira Plano mendian, eta ezin hobeto hazten, gainera. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Virto doktoreak eta bere taldeak ikerketa bat abiarazi zuen landaketa egin zenean, eremu paregabea delako neurketak egiteko. Tafallako Oinez Basoa nekazaritzako lursail baten eta baso heldu baten artean dago, beraz ikertzen ari diren parametroak konparatzeko eta Oinez Basoaren bilakaera aztertzeko eta iragartzeko baldintza oso onak daude bertan. Emaitzek adierazten dutenez, Oinez Basoa atmosferan dagoen CO2 modu eraginkorrean xurgatzen ari da eta ez hori bakarrik, lurzoruaren kalitatea ere hobetzen ari da egunetik egunera. Jadanik 500 tona CO2 baino gehiago xurgatu ditu Tafallan landatutako birika honek, 100.000 litro dieselek kutsatzen duena baino gehiago.

Proiektu honek erakusten digu euskararen sustapena eta ingurumena zaintzea guztiz bateragarriak direla. Tafallako ikastolan etorkizuna landatzen ari dira, ez bakarrik zuhaitzak landatuz, baizik eta euskararen hazia ere ereinez, gure herriaren birika baita gure hizkuntza.Oinez Basoa Tafallako ikastolaren euskararen aldeko lanaren lekuko da. Haziz doaz, poliki-poliki, arteak eta erkametzak, zabalduz doan bezala herri honen lanaren eta ahaleginaren fruitua. Fermin Balentziak bere abesti ezagunean zerbait aurreratu zigun... “Tafallak abesten badu, Euskal herriak abestuko du”. Izan bedi guztiontzat eredu.